Santa Ana egoitzari eman dizkio Aldapetako zenbait lokal udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 5a, 12:14

Eskuratu duen espazio berria eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko eta zabaltzeko erabiliko du Santa Ana Fundazioak.

Aste honetan formalizatu dute notario aurrean udalak eta Zarautz Lurrek Santa Ana Fundazioari ematea Aldapeta eraikineko bi lokal eta hiru aparkaleku. Denera, 437 metro koadroko azalera da udalak fundazioari eman diona. 2016an akordioa sinatu zuten bi aldeek, eta bertan, udalak konpromisoa hartu zuen obra amaitu ondoren fundazioari 300 metro koadroko lokal bat eta garajea jabetzan emateko, eraikinaren sustapena martxan jarri ahal izateko fundazioak erakundeari emandako lursailaren ordainketa gisa. Lokala eraikin berriaren beheko solairuan dago, eta fundazioak egoitzan eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko erabiliko du. 

Udalak jakinarazi duenez, fundazioari saldu dizkio lokalaren gainontzeko 173,50 metro koadroak eta bi aparkaleku gehiago, eta trukean, fundazioak 215 metro koadroko lursaila eman dio udalari, Aldapetako eraikin berriaren atari aurrean dagoena. "Ez da erraza izan, baina azkenik gauzatu da; 2016an Santa Ana Fundazioarekin konpromisoa hartu genuen fundazioak Zarauzko Udalari 2009ko abenduan saldutako lurren salerosketa akordioa aurrera ateratzeko. Urte askotako lanaren ondoren, eta zailtasun batzuk direla medio, azkenean lortu dugu hitzartutakoa betetzea", adierazi du Xabier Txurruka alkateak. 

Arantza Zabalegi Santa Ana Fundazioko presidenteak nabarmendu du "une historikoa eta garrantzitsua" dela hau. Bere arabera, "2009tik 2016ra urte oso gogorrak eta gatazkatsuak izan ziren udalarekin, garai hartako korporazioak hartutako konpromisoak betetzeko prest ez zeudelako, nahiz eta akordioak sinatuta izan. Azkenik, 2016an, Xabier Txurruka alkatearekin elkarlanean hasi ginen udalarekin 2009an sinatutako akordioa gauzatzeko". Behin proiektua gauzatuta, egungo egoitzako espazio komunak handitu ahalko dituztela azaldu du Zabalegik. Aurreratu du lokal berri horien beheko solairuan gimnasioa, jarduera gela, ile-apaindegia, psikologoaren bulegoa eta senitartekoentzako sukaldea izango dituen gune bat jarriko dituztela. Lehenengo solairuan, aldiz, administrazio zuzendaritzako bulegoak ipintzeko asmoa dute, baita prestakuntza gela bat eta langileentzako office (atseden hartzeko gunea) bat ere. Zabalegik azaldu duenez, "pandemiaren lehen olatuan izandako esperientziaren ondoren, etorkizunean izan daitezkeen pandemia berriei aurre egiteko unitate bat izatea egokia dela ikusi dugu. Hori dela eta, Aldapetako beheko solairua diseinatu da haren gelak edozein unetan moldatzeko, zortzi pertsonari arreta eman ahal izateko behar den guztiarekin. Lokal horiek egokitzeko lanak hasi dira, eta urte amaierarako amaituta egotea espero dugu". 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide