Badator oles egiteko garaia

Amaia Urbieta Arruti 2022ko otsailaren 3a

Gaur San Blas opilez tripa bete ondoren, makilak astintzeko eta eztarriak kantari jartzeko eguna izango da bihar. Eskualdeko hainbat herritan alaituko dituzte kaleak kopla zaharrekin.

Makilekin gogorkolpatu eta esnatzeko deia egiten zaio lurrari biharko egunez, negu luzearen erdian. Aintzinako usadioak bizirik dirau egungo jendartean, eta ohikoa da Santa Ageda egunaren bezperan, San Blas egunaren ostean, kaleak kantuz alaitzen dituzten taldez betetzea. Baserri eta auzoetara jotzen dute beste batzuek zuzenean, eta doinu solemnean kantatzen dituzte koplak: Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz, hasi ohi dira.

Iaz ez zen kopla askotarako aukerarik izan, pandemiak eragindako egoera delikatua tarteko. Aurten ere ziurgabe samarra da egoera, eta eskualdeko zenbait lekutan ohiko santa eskerik egingo ez duten arren, ohitura zaharrari keinu ugari egingo dizkiote tokian toki. Etzi, larunbatean, izango da Santa Ageda eguna, eta haren bezperan –bihar– aterako dira hainbat eta hainbat herritar kantura.

Matxinbentan, esaterako, ez da ohiko Santa Ageda festarik izango, ezta santa eskerik ere. Dena den, hainbat herritan ikastetxeetako kideak, abesbatzak nahiz bertsolariak irtengo dira kalera koplak abestera.

Santa eskea herriz herri

Bihar, ostirala:

  • Azpeitia. Goizean, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBHko ikasleak aterako dira santa eskean kalera. 19:00etan, Sanagustin ataritik, berriz, ikasle eta gurasoak aterako dira eskean trikitilariek eta bertsolariek lagunduta.
  • Zarautz. 18:00etan, Txinpirin eta Zarautz Txiki abesbatzak eta Zarautz Trik kultur elkarteko trikitilariak Villa Mundatik irtengo dira kalez kale koplari. 19:00etan, Zarautz Abesbatza Musika Plazatik abiatuko da. Ordu berean, Arrai Zopa abesbatzakoak Iñurritza auzoan kantari ibiliko dira, Uxue Alkorta eta Aner Peritz bertsolariekin batera.

Etzi, larunbata, Santa Ageda eguna:

  • Getaria. Alamedatik Habanerara bertso eskolako kideak santa eskean arituko dira baserriz baserri, 08:00etan herriko plazatik abiatuta.
  • Aizarnazabal. 09:00etan hasita, talde bat auzoz auzo eta baserriz baserri ariko da kopla kantari, egun osoan zehar, iluntzera arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide