Mikel Goenaga: "Helarazi nahi diguten mezua da alderdi barruan isilik egon behar dugula"

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 2a, 09:52

Barne prozedura baten ondorioz, EA alderdiko karguetatik bota dute urtebeterako Begotxu Olaizola zarauztarra. Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzailea, berriz, hamazazpi urterako kargugabetzearen esperoan da, eta kritiko agertu da sektore ofizialaren jarrerarekin.

Hautsak harrotuta daude azken boladan Eusko Alkartasuna alderdiaren barruan. Bi sektoretan banatuta dago alderdia, eta EH Bildu koalizioaren barruan izan beharko luketen funtzioari buruzko eztabaidak soka luzea ekarri du. Zuzenean eragin die horrek alderdiko militante diren Begotxu Olaizola eta Mikel Goenaga zarauztarrei. Lehena urtebeterako zigortu dute zabalik zuen espediente baten ondorioz, eta ezingo du epe horretan alderdi barruan zituen karguez arduratu. Goenaga, berriz, hamazazpi urterako kendu nahi dute EAko bere karguetatik –Gipuzkoako koordinatzailea da egun–, eta uste du ebazpena bera botatzearen aldekoa izango dela. Alderdi barruko beste hainbat kide ere tankerako ebazpenen esperoan daude. 

Goenagaren iritziz, "normaltasunez" hartu beharko litzateke alderdi barruan eztabaidak egotea, eta "debate politikoen" bidez ebatzi beharko lirateke, "era demokratikoan eta garantistan". EAren barruan dauden bi ikuspegien berri eman du zarauztarrak. Haren arabera, batzuk "eroso" sentitzen dira EH Bildu hartzen ari den bidearekin. "Alderdi politiko izaera hartzen ari da, eta uste dute horrela gehiagora heldu daitekeela". Goenagaren eta sektore kritikoaren ustez, baina, koalizioak "modu askoz zabalagoan" funtzionatu beharko luke. "Koalizio izaera mantenduta, barruko alderdiak eta etor litezkeen independenteak kontuan hartuta". Azpimarratu du sinesten dutela EH Bilduren proiektuan eta gizartearentzat daukan balioan. EAko sektore ofizialak duen iritzia «uniformista eta ikuspegi erredukzionista duena» dela uste du, ordea. 


Ildoen desbideratzea

Badira urte batzuk eztabaida hori mahai gainean duela EAk. 2017an izan zuten kongresuan, Goenagaren arabera, "aurrerapauso inportantea" eman zen, "akordio politiko batera iritsi ginelako bi sektoreen artean". 

Gerora, ordea, kongresu hartan adostutako ponentziaren ibilbidea "bertan behera" utzi dela azaldu du Goenagak: "Kontrako ildotik joan gara". Haren arabera, adostu zen EAk mantendu behar dituela bere izaera eta egiturak, eta funtzionatu beharko lukeela EH Bilduren barruan, "koalizio izaerarekin". Azken lau urteetan ika-mika hori mingosten joan da, "adostasun puntu hartatik aldentzen" joan dira, eta "alderdi barruko gatazka era demokratikoan konpontzen ahalegindu beharrean, bidea izan da hegalak moztea jendeari eta alderdi barruan espedienteak irekitzea", dio Goenagak. 

Berari duela bi urte zabaldu zioten espedientea, eta denbora horretan «lozorroan» egon den izapide hori orain aktibatzea "estrategikoa" dela uste du. Kongresu berri baten atarian dago EA, eta mezu hau helarazi nahi diete kritikoei, Goenagaren arabera: "Alderdi barruan isilik egon behar da; ahoa irekitzen baduzu, kalera zoaz". 

Zarauztarrak eta seinalatutako gainontzeko kideek alegatu zuten bere garaian egin zizkieten salaketak ez direla "zerbait zehatzean oinarritzen". "Zerbait egin badugu, esan diezagutela", dio. Barne prozesuak aurrera darrai, ordea, eta ebazpena "azkar" helduko zaiela uste du Goenagak. "Kongresua hasten denerako espedienteak amaituta egongo dira eta gu kanporatuta". Ezustekoa hartuko luke hala gertatuko ez balitz. Argi dauka alderi barruan "garbiketa" egiten ari direla, eta eztabaidak "bide demokratikotik" jorratu beharrean, "arerio politikoa erditik kendu nahian" dabiltzala.

Alderdiaren barruko militantziaren aldetik babesa sentitzen du Goenagak, eta uste du agerikoa dela sektore kritikoarekiko dagoen atxikimendua. Sektore ofizialak, ordea, militantziaren ahotsa "isilarazi" nahi duela salatu du. "Esaterako, herrialdeko eta hirietako koordinatzaileak kongresuan erabakitzen dira orain, ez ditu militantziak bozkatuko. Hortaz, kongresua dominatzen duenak alderdi guztiaren kontrola dauka".

 
Koalizio barruko funtzioa

EAk EH Bilduren barruan "figura dekoratiboa" izango duela aurreratu du zarauztarrak: "Alderdi politiko bezala ez du eraginik izango, eta alderdi moduan funtzionatuko du EH Bilduk". Horrek kezkatzen du gehien Goenaga. "Ez dut uste, gainera, EH Bilduren mesederako denik". Une honetan koalizioak "familia asko" dituela azaldu du. "Ezker abertzaleak bere ibilbidea dauka, bere jarraitzaileak ditu, EAren moduan. Esparru diferentziatu horiek iritsi litezke harago, alderdi politiko bakar uniformizatura baino". 

Bereizketa egitea beharrezkotzat jo du, beraz. Goenagak uste du bereizketarik ez ikusarazten ahalegindu dela arerio politikoa, baina "EH Bildutik ere lagundu" egin zaiola jendeari hori pentsatzen. Koalizioaren barruan askotariko bozeramailetzak egon beharko liratekeela uste du, eta helarazi beharreko mezuetan sektore bakoitzak egin ditzala bere ñabardurak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide