COVID ziurtagiriaren aurka elkarretaratu dira Zarautzen ere

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 8a, 13:01

COVID ziurtagiriaren aurkako aldarriz bete da Lege Zaharren enparantza eguerdian. Dozenaka herritarrek egin dute bat zarauztar talde batek egindako deialdiarekin, eta bertan izan dira Bizitza plataformako kideak ere.

Indarrean da abenduaren 15az geroztik ia eremu itxi guztietan COVID ziurtagiria eskatzeko araua, eta hautsak harrotu ditu neurriak. Hainbat herritarrek desadostasuna agertu dute arau horrekiko, herritarren gaineko kontrola indartzea duela xede argudiatuta. Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute dozenaka zarauztarrek Lege Zaharren enparantzan, neurriaren aurka. Herritar talde batek egin du mobilizaziorako deialdia, eta bat egin dute Bizitza plataformako hainbat kidek ere.

Covid ziurtagiriari ez! Ez dugu onartuko! Hausnartu, elkartu eta ekin zioen panka nagusiak, eta Bizitza plataformako kideek ere hainbat aldarridun pankartak eraman dituzte: Zentsurarik gabeko informazioaren alde! Eztabaida zientifikoa orain! eta Beldurraren birusak sen ona hil du, besteak beste.

 
Gaurkoa ez da Zarautzen COVID ziurtagiriaren aurka egiten den lehen elkarretaratzea. 2021 urteko azken egunean ere elkarretaratze jendetsua egin zuten aldarri berberarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide