UKUEk "irmoki" gaitzetsi du egunotan Zarautzen edukiontziak erre izana

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urtarrilaren 5a

Urtezahar gauaz geroztik, denera hamabi edukiontzi erre dituzte Zarauzko kaleetan. Lourdes Salsamendi UKUEko presidenteak ekintza hauek "lekuz kanpo" daudela eta "zentzugabekeria hutsa" direla iritzi dio.

Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi du hainbat edukiontzi erre dituztela Zarautzen azken egunetan, "nahita eragindako suteen ondorioz". Guztira, hamabi edukiontzi erre dituzte azken astean: Urtezahar gauean bost Altzola kalean, iragan larunbatean bi Bizkaia kalean eta herenegun beste bost Gipuzkoa kalean, hain zuzen ere. UKUEko presidente Lourdes Salsamendik "irmoki salatu eta gaitzetsi" ditu ekintza horiek.

Salsamendik azaldu duenez, 14.000 euro inguruko kalte materialak eragin dituzte, baina "larriena hainbat bizilagunen segurtasuna arriskuan jarri izana" dela iritzi dio. "Eta hori onartezina da", adierazi du udal elkarteko presidenteak prentsa ohar bidez. "Gainera, zabor bilketa bezalako zerbitzu garrantzitsu bati eragiten diote gertakari hauek, eta berriz ere, kaltetuenak suteak jazo diren puntuetako bizilagunak dira", azaldu du.

Ekintza hauek "lekuz kanpo" daudela eta "zentzugabekeria hutsa" direla uste du Salsamendik. Ekintzak gaitzesteaz gain, elkartasun mezue ere helarazi nahi izan die kaltetutako bizilagunei: "Gertakari larri hauen aurrean, kaltetu zuzenak izan zareten bizilagun guztiei gure elkartasuna adierazi nahi dizuegu". Gaineratu du udal elkartea "erantzun azkarra" ematen ahaleginduko dela, "beti ere, zerbitzuan ahalik eta kalte gutxien sorrarazteko helburuarekin".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide