Zarauzko Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana idazteko proiektua abian da

Aritz Mutiozabal 2022ko urtarrilaren 2a

Ingartek enpresari enkargatu diote zeregina, ia 18 mila euroko kontratazioarekin. Une honetan, proiektuaren lehen fasean ari dira buru-belarri.

Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren erredakzioa enkargatu berri dio udalak. Aipatu plana ondorengo urteetan garatu den garrantzitsuenetakoa izango da, Udal Energia Planarekin batera, Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren barruan. Udalak jakitera eman duenez, mugikortasun gaietan espezializatuta dagoen eta jarduera-eremu horretaneskarmentua duen Ingartek enpresak idatziko du plana. Guztira, 17.908 eurokoa (BEZa barne) izan da kontratazioa, eta prozesuak gutxi gorabehera lau hilabete iraungo du, herritarrekin partekatu eta Osoko Bilkuran onartu aurretik.

Une honetan, proiektua lehenbiziko fasean da; hau da, informazioa biltzen ari dira, ondoren mugikortasuneko arlo bakoitzaren eta horien arteko bizikidetzaren jarduera jarraibideak zehazteko. Planaren helburuak zehaztuko dituzte eta helburu horiek lortzeko ekintzak ere finkatuko dituzte. Helburuen artean, besteak beste, ondorengo eremuak hobetzeea dute xede: zirkulazioa, hiriguneko trafikoa murriztea, aparkalekuak hobetzea, bide-segurtasuna hobetzea trafikoa motelduz, norabideak berraztertzea, sentsibilizazioa...

 Iker Basurko Mugikortasun zinegotziaren arabera, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana "ezinbestekoa bihurtu" da edozein udaletan, "etorkizuneko garapen jasangarriari begira eta 2030 Agendari balioa emateko". Zarautz 2030 proiektuaren barruan, mugikortasun plan horrek lotura zuzena izango luke garapen iraunkorrerako hiru helburu nagusiekin: osasuna eta ongizatearekin, hiri eta komunitate jasangarriarekin, eta klimaren aldeko ekintzekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide