Zarauzko Udalak 9.000 euroko laguntza eman dio Saharautzi

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 28a

Saharako kanpamenduetara laguntza humanitarioa bidaltzeko erabiliko du elkarteak diru kopuru hori.

Saharautz elkarteak 9.000 euroko dirulaguntza jaso du udaleko Kooperazio arlotik, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten larrialdi humanitarioari aurre egiteko. Patxi elola Kooperazio zinegotziak adierazi duenez, "urteak daramatzagu Maroko eta Sahararen arteko auziak dakartzan ondorioak ikusten”. Horrez gain, azken bi urte hauetan "COVID-19ak ekarritako zailtasunak" gaineratu behar zaiola nabarmendu du. Egoera horren aurrean, "gure laguntza eta gertutasuna helarazi nahi diegu”.

Horrenbestez, Zarauzko Udalak "ez dio Saharako herriari egoera zail honetan bizkarra eman nahi", eta Saharautz elkartearen bitartez, laguntza humanitario bidaliko du kanpamenduetara. Hala, Kooperazio arlotik zuzenduta, 9.000 euroko dirulaguntza jaso du elkarteak, askotariko elikagaiak eta garbitasun gaiak erosi ahal izateko eta kanpamenduetara bideratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide