Hotzaren aurkako protokoloa aktibatu du Zarauzko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 18a, 19:31

Aterperik gabeko pertsonei arreta emateko zerbitzua aktibatuko da tenperatura 4 gradutik behera jaistea aurreikusten den gauetan. Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak gaineratu du udalak 250.000 euroko partida jaso duela 2022ko aurrekontuetan "gizarte bazterkeria egoeran eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonei arreta emateko", eta tutoretzapeko etxe baten beharrean, bi izango dituela herriak aurrerantzean.

Hotz handia ari da egiten azken egunetan Zarautzen eta Euskal Herriko txoko gehienetan, eta horregatik, hotzaren kontrako protokoloak ari dira aktibatzen han-hemenka.

Zarauzko Udalak, esaterako, gaur jakinarazi du tenperatura 4 gradutik jaistea aurreikusten den gauetan aktibatuko duela aterperik gabeko pertsonei arreta emateko zerbitzua. Udaltzainak arduratuko dira kalean lo egiteko asmoa duten pertsonak aurkitu eta haiei aterpea eskaintzera. Zentroak harrera egiteko langile bat izango duela jakinarazi du Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak, eta Udaltzaingoarekin koordinatuko dela langile hori.

"Berrikuntza moduan, Gipuzkoa mailan eskaintzen zaizkien aukeren berri emango zaie bazterkeria egoeran dauden pertsona horiei”, azaldu du Aranak.

Bestalde, Aranak azpimarratu du 2022ko udal aurrekontuetan 250.000 euroko diru partida jaso dela "gizarte bazterkeria egoeran eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonei arreta emateko". Gaineratu duenez,  "tutoretzapeko etxebizitza berri bat gehitu da gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonekin gizarteratzeko prozesua lantzeko. Horrela, Zarautzek bi pisu izango ditu kolektibo honetako pertsonak artatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide