Cerrajeria Francesenak irabazi du 39. Erakusleiho Lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2021eko abenduaren 18a

Ostiral eguerdian banatu dituzte udalak eta Murkil dendarien elkarteak 39. Erakusleiho Lehiaketako sariak. Bigarren saria Optica Zarautzek eskuratu du, eta herritarren saria, berriz, Javier Lucasek.

Hogei saltokik hartu dute parte 39. Erakusleiho Lehiaketan, eta ostiral eguerdian egin dute sari banaketa udaletxeko udalbatzar aretoan. Aurtengoan sari nagusia Cerrajeria Francesenarentzat izan da – 600 euro eta oroigarria udalaren eskutik–; bigarren saria Optica Zarautzek jaso du – 300 euro eta oroigarria Murkilen eskutik–; eta herritarren saria, berriz, Javier Lucasentzat izan da –oroigarria jaso du–.

Ekitaldiaren hasieran Xabier Txurruka alkateak hartu du hitza, aretoan zeuden dendariengana zuzenduta: "Urtero eskertzen dut dendariek egiten duten esfortzua erakusleiho politak sortzeko eta horretan jartzen duten ilusioa. Baina, aurten, horrez gain, mezua herritarrei bidali nahi diet, eta argi esan nahi diet herrian eros dezatela. Egoera oso gogorra bizi dugu, eta laguntza etxetik hasita etorri behar da, ez kanpotik. Nigandik hasita, konpromisoa hartzen dut opariak Zarautzen erosteko, eta eskari horixe egiten diet zarauztarrei".

Sari banaketan epaimahaikideak ere izan dira: Isidor Larrañaga Turismo eta Merkataritza zinegotzia, Monica Gutierrez Artezaleak elkarteko ordezkaria, Asun Fernandez-Campinun Murkil elkarteko ordezkaria, eta Estibalitz Azkue Koba saltokiko kidea eta iazko erakusleiho lehiaketako irabazlea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide