Maila onarekin eta konfiantzaz iritsi da Aitor Frantzesena Gallo surflari zarauztarra Pismo Beachen jokatu den Munduko Txapelketara. Finalerako txartela nagusitasunez lortu zuen bezala, iazko lorpena berresteko azken lehian ere aurkariak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen atzo uneoro. Baina zorte txarra izan du, eta eskura zuen bere hirugarren munduko txapelak eskutatik ihes egin zion.
Txanda hasi eta berehala buru jarri zen, eta denbora erditan jada 16 puntu zituen lortuta, 8.50 eta 7.50ko olatuekin. Itzala egin ziezaioken bakarra Elias Figue Diel brasildarra zen, puntu sorta onekin, baina zarauztarraren solairuraino iritsi gabe (14.07); gainerako biak -Ben Neumann alemaniarra eta Kirk Watson australiarra-, berriz, oso urruti zeuden. Tamalez, proba bukatzeko minutu gutxi falta zirela epaileek interferentzia bat adierazi zioten Gallori, eta zigor moduan aurreneko olatua kendu.
Ondorioz, 8.50 punturekin bakarrik geratu zen, eta laugarren postuan bukatu zuen txapelketa. Kolpe gogorra zarauztarrarentzat, zalantzarik gabe. Lehia Figue Dielek irabazi zuen azkenean; Watson izan zen bigarren (12.70), eta Neuman hirugarren (9.74).