Aner Peritzek nagusitasunez irabazi zuen atzo Bertsolari Gazteen XXV. Xenpelar Saria, buruz burukoan Joanes Illarregirekin neurtu ostean. Zarauztarrak –418,5 puntu– 12,5 puntuko aldea atera zion leitzarrari –406 puntu–, eta, azkenean, berak jantzi zuen txapela. Hala ere, bertso onenaren saria Illarregiri eman zioten, seiko motzeko ariketan ilusioa hitzari kantatutako bertsoari esker.
Haien ondoren sailkatu ziren bertsolari hauek: hurrenez hurren, Unai Mendiburu, Maddi Aiestaran, Irati Alcantarilla eta Ekhiñe Zapiain. Iñigo Legorburu, Mikel Lersundi eta Patxi Petrirenak osatu zuten epaimahaia.
Iazko etenaren ostean, aurten berriro heldu diote Xenpelar Sariari. Lau kanporaketa jokatu ondoren, sei bertsolarik lortu zuten finalerako txartela, eta horien artean, 19 urteko zarauztarra. Errenteria Hiria Kulturguneko Niessen auditorioan jokatu zen atzo arratsaldean finaleko saioa, Haritz Casabal gai-jartzaile zutela.
Sailkapena
1. Aner Peritz Manterola (Zarautz) 418,5 puntu
2. Joanes Illarregi Marzol (Leitza) 406 puntu
3. Unai Mendiburu Valor (Algorta) 273,5 puntu
4. Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain) 269,5 puntu
5. Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña) 266,5 puntu
6. Ekhiñe Zapiain Riego (Bera) 264,5 puntu