Europara iristeko ahaleginetan Mediterraneo itsasoan noraezean geratzen diren pertsonei laguntzeko premiari erantzuteko sortu zen Zarautzen SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartea. "Hitzetatik ekintzetara abiatzeko asmoz antolatu ziren", nabarmendu du Patxi Elola Kooperazio zinegotziak. Harrezkero, makina bat lan egin dute pertsonen bizitzak salbatzen laguntzeko, eta jardun horretan, oihartzun handia edukitzen ari da Aita Mari erreskate ontzia.
Hain justu, erreskate lanekin jarraitu ahal izateko, Zarauzko Udaleko Garapenerako Lankidetza arloak 10.000 euroko laguntza eman dio aurten Itsas Salbamendu Humanitariori. "Ezinbestekoa da Aita Marik Mediterraneoan jarraitzea, bizitzak jokoan baitaude", nabarmendu du Elolak. Gaineratu du "harro" sentitzen direla elkarteak egiten duen lanarekin, eta "poz handia" ematen diela "zarauztarren dirua bizitzak salbatzeko bideratzen dela jakiteak".
Udalak hasieratik babestu du elkartearen jarduna, eta zinegotziak azpimarra berezia egin du horretan. Aurtengo dirulaguntzaz gain, aurreko hiru urteetan, guztira, 44.000 euro eman dizkiete laguntza gisa. Era berean, datorren urterako aurreikusten dute elkarlanean jarraitzea.
Seigarren misioa
SMH elkarteko kide Andoni Ibarguren eta Nerea Machado eskertuta agertu dira. Esan dutenez, Aita Mariren aurtengo seigarren misioa egin ahal izateko erregaia erosteko erabili dute Zarauzko Udalaren laguntza; 10.000 eurok itsasontziko erregai-zisterna betetzeko ematen du.
"Guztiz beharrezkoa da erreskate ontziak bertan egotea, ez bakarrik pertsonak erreskatatzeko. Izan ere, guri dagokigu erakustea Mediterraneo itsasoan gertatzen diren sarraskiak, eta gizarteari horren berri ematea", zehaztu du Machadok.
Seigarren misioa lanean aritu zen artean 105 egiptoar erreskatatu zituzten, guztiak gizonezkoak eta asko adin txikikoak. "Ehun bizi salbatuta, baina hori itsasoko lana da. Orain, haiek lurrean oztopo eta trabak izango dituzte", dio elkarteko kideak. Behin lurreratutakoan Gurutze Gorria edota Italiako beste elkarteren bat arduratzen da haietaz. Une honetan, Aita Mari itsasontzia Castelloko (Valentzia, Herrialde Katalanak) Borriana portuan dago. Konponketak egingo dizkiote, eta tripulazioak oporrak hartuko ditu.