Bihar, azaroak 10, Memoriaren Eguna izango da, eta horren harira, datozen egunetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte eskualdeko zenbait herritan.
Azkoitian, bihar, 12:00etan, bost minutuko isilunea egingo dute Intsausti Jauregiko lorategian dagoen Oroimenean eskulturaren ondoan. Kontzentrazio isilaren ostean, udalak, Javier Zubizarreta alkatearen eskutik, lore eskaintza egingo dio eskulturari Azkoitiko biktima guztien oroitzapenean.
Zarautzen, bihar egin beharrean, datorren igandean egingo dute dute ekitaldia. 12:00etan izango da hori, Arrosategi parkean. Han, urtero bezala, isilunea eta lore eskaintza egingo dituzte. Zarauzko Udalak antolatu du ekitaldia.
Orion, berriz, bi ekitaldi antolatu ditu udalak, Bakeola Fundazioarekin elkarlanean. Lehena etzi izango da, ostegunarekin 19:00etan, Kultur Etxean. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile Javier Bucesek Giza eskubideen urraketen ikerketa: Orio hitzaldia emango du, eta besteren artean, memoriaren garrantziaz, ikerketak herriari egindako ekarpenaz, horietatik jasotako ikasketez eta herritarrek ikerketan parte hartzeko duten moduaz hitz egingo du.
Bigarren ekitaldia azaroaren 17an izango da, asteazkenarekin, hori ere Kultur Etxean eta 19:00etan. Irati Goikoetxea idazlearen eta Miguel Angel Llamas Pitu kazetariaren arteko solasaldia izango da. Goikoetxeak Herriak ez du barkatuko (2021) bere lehen eleberria aurkeztu berri du. Eleberriko protagonista Oihana da, ETAk aita hil zion neska bat, eta hogei urte geroago bizirik jarraitzen duen zauriaren ingurukoak ditu aztergai. Llamasek, berriz, Amaia Merino zinemagilearekin batera, Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuen iaz Donostiako 68. Zinemaldian. 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ondoren desagertu zen Mikel Zabalzaren kasua du oinarri dokumentalak.
Doako ekitaldiak izango dira biak ala biak, eta herritarrek ez dute gonbidapenik beharko horietan parte hartzeko.