Atzera begirako bat begiradari

Aritz Mutiozabal | Gipuzkoako Hitza 2021eko azaroaren 5a

ArtEgaña elkarteak Xabier Egaña artistari buruzko erakusketa bat zabaldu du Zarauzko hiru gunetan. Hil bukaerara arte, haren 55 obra esanguratsu ikusteko aukera egongo da.

Begiratu eta ez dugu ezer ikusten. Hala du izena Zarauzko Frantziskotarren elizako klaustroaren erdian dagoen Xabier Egañaren (Getxo, Bizkaia, 1943) eskulturak. Egurrezko aulki bat da, hesola batek zeharkatuta; Wilhelm Nyssen egilearen Choral des Glaubens liburua iltzatuta dauka. “Ingurura begiratzen dugu, eta maiz ez diogu ezertxori jaramonik egiten”, berretsi du Egañak —Zarautzen bizi da egun—, Oscar Arnulfo Romero artzapezpikuaren hilketaren harira eginiko lan sortaren aurrean. Obra hori eta haren ibilbidean esanguratsuak izan diren beste hainbat “artistaren begirada sakonean” oinarrituta daude.

Horregatik, hain zuzen, Zarauzko ArtEgaña elkarteak hilabete osoko erakusketa bat eskaini dio herrian, udalarekin elkarlanean, Begiak argi izenburupean. Egañaren lana kontserbatzeko, zabaltzeko eta sustatzeko asmoz, zarauztar batzuek ArtEgaña eratu zuten 2019an. Salbatore Mitxelenaren murala zaharberritzeaz gain, zenbait ikus-entzunezko ere ekoitzi dituzte, artistaren lanari balioa emateko. Baina, herrian erakusketa bat merezi zuela eta, “pausoa” eman dute orain.

Duela bi urte Egañaren atzera begirako bat antolatu zuten Gasteizen. Zarautzen nahikoa handia den toki jakinik ez dagoenez, baina “zerbait zirraragarria” atondu nahi zutenez, “erakusketa hedatu bat” antolatu dute herriko hiru gunetan, aldi berean: Torre Luzean, Frantziskotarren elizan eta Merkatu plazako lehen solairuan. “Agian, herrian egin den zabalena da”, esan du Juan Aiesta komisarioak.

Egañaren obra “oparoa bezain konplexua” da, bai teknikari, bai materialari dagokionez. Guztira, 55 artelan egongo dira erakusgai hilabete osoan, eta haren ibilbideko obra garrantzitsuenak eta nabarmenenak paratuko dituzte, “trantsiziokoak, zerbaiten haustura eta beste zerbaiten hasiera islatzen dutenak”.

Erreportajea osorik irakurtzeko, jo Gipuzkoako Hitzaren atarira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide