Enrique Etxeburua: "Haurrei beraien burua babesteko tresnak eman behar zaizkie"

Amaia Urbieta Arruti 2021eko azaroaren 4a

Haurtzaroan pairatutako sexu abusuez, haien forma ezberdinez eta hautemateko moduez mintzatuko da gaur Psikologia Klinikoan katedradun Enrique Etxeburua, Modelo aretoan.

Haurren kontrako sexu indarkeriari buruzko jardunaldiak abiatuko dira gaur, Zarauzko Modelo aretoan. Lehen hitzaldia Enrike Etxeburua Psikologia Klinikoan EHUko katedradun emerituak (Donostia, 1951) emango du 18:30ean, eta haurren kontrako sexu indarkeriaren formez, horiek hautemateko moduez eta ondorioez hitz egingo du. Hain zuzen ere, Cristina Gerrikaetxebarria psikologoarekin elkarlanean plazaratu berri du gaiari buruzko liburu bat: Abuso sexual en la infancia. Nuevas perspectivas clinicas y forenses.

Argitalpenean jasotzen denez, biltzen ari diren datuak gero eta argiago uzten ari dira biztanleriaren zati handi batek jasan izan duela sexu indarkeria motaren bat haurtzaroan: emakumeen
%15-20 inguruk eta gizonezkoen %8-10 inguruk. Etxaburuaren arabera, datu horiek "oso garrantzitsuak dira, baina ez dira aintzakotzat hartzen".

Konkretuki, zer landu duzue liburuan?
Alde batetik, zati handi bat eskaini diogu azaltzeari zer motatako indarkeria kasuak ematen diren haurtzaroan, zer maiztasunekin ematen diren, zergatik diren hautemateko zailak... Arazoa goiz hautemateari garrantzi handia eman diogu.

Indarkeria horrek dituen ondorio klinikoei buruz ere sakondu dugu liburuan. Ondorio batzuk epe laburrekoak dira. Adin txikikoa indarkeria jasaten ari denean, normalean 6-12 urte bitartean, zenbait kasutan, ondorio psikologikoek etorkizunean irauten dute. Ume horiek heldu bihurtzen dira, eta bikote harremanetan hasten dira, edota lan munduan eta helduen gizartean murgiltzen dira. Askotan, mugatuta geratzen dira zenbait egoeratan abusu horien ondorioz. Azpimarratzen dugu pertsona batzuengan ez duela ondorio handirik uzten. Garrantzia eman diogu pertsona hauen esku hartze klinikoari ere, denek ez baitute tratamendua behar.


Zergatik da horren zaila kasuak hautematea?
Batez ere gazteenen kasuan da zaila. Arazoa da adin txikienekoek ez dutela garapen kognitibo nahikorik gertatzen ari zaiena adierazteko. Beste alde batetik, normalean, haurrenganako sexu indarkeriak ez du uzten aztarna fisikorik. Ez dago urratze edo higadurarik genitaletan, eta horrek alarmak piztuko lizkioke, esate baterako, haurraren pediatrari. Kasu askotan indarkeria gauzatzen da ukituekin, laztanekin, exhibizioekin... horrek ez du arrasto fisikorik uzten, eta zaildu egiten du erasoa atzematea.


Zer egin daiteke hori detektatzeko?
Badaude arreta jarri beharreko zenbait zantzu: haurrak jarrera aldaketa bortitzak dituenean, esate baterako. Haur bat hazten ari den heinean normala da jarrera aldatzea, baina bat-batean bihurtzen bada oso suminkorra, iheskorra edo gizartetik isolatzen bada lehenago ez bezala, susmatu behar dugu.

Bestetik, oso garrantzitsuak dira sexu jokabideetan izan ditzaketen aldaketak. Bere adinerako desegokiak edo ezohikoak diren gauzak egiten baditu; esate baterako, sexuari lotutako hiztegi eta ezagutza ezohikoak baditu, edo sarri masturbatzen bada lehenago ez bezala...

Aldaketa izan daiteke beste norabidekoa ere: muturreko lotsa, amaren aurrean biluztu edo bainatu nahi ez izatea, edo familiakoen laztanak edo kontaktu fisikoa arbuiatzea. Aldaketa horiek batzuetan abusu sexualak jasaten ari direnaren adierazle izan daitezke.


Sexting eta grooming kontzeptuak ere azaltzen dituzue lanean. Zer dira eta zergatik dira arriskutsuak?
Sare sozialek izan duten bilakaeraren ondorioz, areagotu egin dira kasu horiek. Sexting-a da sexualki esplizituak diren irudiak elkarri bidaltzea. Askotan nerabeen artean elkartrukatzen dituzte argazki sexualak, biluzik edota jarrera probokatzaile batean ateratakoak. Elkartruke hori, printzipioz, baimendua da, baina kasu batzuetan, pertsona horietako batek bestea irrigarri laga nahi badu, argazki intimo horiek zabaltzen ditu. Horrek sakonki umiliatzen du argazkietan agertzen dena. Sexting-a, printzipioz, ez da delituzko jarrera, baina izan daiteke pornomendeku moduko zerbait.

Grooming-a zehatzagoa da. Heldu batek adin txikikoa izango balitz bezala jokatzen du sare sozialetan, eta beste adin txikiko bati xantaia egiten dio argazkiak bidaltzeko, aldian-aldian sexualki esplizituagoak.

Biktimak ondo hautatzen dituzte normalean. Informazio intimoa modu desegokian airatzeko plaza bihurtu dira sare sozialak, eta jendeak jartzen du bertan, esaterako, bakarrik sentitzen dela, emozionalki bakartuta dagoela, bikote harremana hautsi zaiela, gurasoak dibortziatu zaizkiela... Pertsona horiek askoz zaurgarriagoak dira, eta heldu iruzurgileek, nerabe ulerkorren paperean sartuta, armiarma sarean biltzen dituzte, argazki horiek eskatzeraino. Hori, argi eta garbi, sexu indarkeria kasua da.


Zer egin behar da egoera horien aurrean?
Interneten mundua oso konplexua da. Legeak hobetu dira, baina oraindik bete beharreko hutsune asko dago. Garrantzitsua da adin txikikoei erakustea beraien burua babesteko tresnak. Hau da, ez ditzatela eduki harreman intimoak pertsona ezezagunekin, ez dezatela bidali irudi edo informazio konprometigarririk, beraien aurka joka dezakeelako aurrerago horrek.

Baten batek mehatxuren bat jasan badu, lehenbailehen adierazi behar die gertukoei edota Ertzaintzari, identifikatu ahal izateko mehatxatzailea. Sarean egonik, ordea, esku hartzeko aukera asko murrizten da. Baina garrantzitsuena da prebentzio arloa lantzea. Hezitzaileek irakatsi behar diete haurrei mugikorra eta Internet zentzuz erabiltzen. Ezin dena egin da haur bati lehen jaunartzean smartphone bat oparitzea. 10 urteko haur bati ez genioke auto bat oparituko. Autoa bera ez da txarra, baina haurrak ez ditu beharrezko irizpideak egoki erabiltzeko. Sakelako telefonoarekin gauza bera gertatzen da.


Nori zuzenduta dago gaurko hitzaldia?
Printzipioz, adin txikikoekin lan egiten dutenei bideratuta dago; esaterako, irakasleak, gizarte langileak, pediatrak... Hitzaldiaren helburuak dira sexu indarkeriaren inguruko ezagutzan sakontzea, haurrenganako kasuak hautemateko zailak direla ulertzea, eta garaiz detektatu ahal izateko oinarrizko gako batzuk jasotzea, ondoren kasu horiek behar bezala, modu profesionalean, bideratu ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide