Herri kirol jaialdia izan zen atzo, astelehena, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Batetik, Izar Berriak aizkolari txapelketa berriaren bigarren jardunaldia jokatu zuten; eta bestetik, Binakako Harrijasotze Txapelketaren nahiz Emakumeen Trontzalari Txapelketaren bigarren jardunaldiak.
Basaurin (Bizkaia) jokatu zuten Izar Berriak txapelketaren lehen saioa, eta Azpeitian bigarrena eta azkena. Bi jardunaldietako denborak kontuan hartuta, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa izan dira txapelketako irabazleak. Hala eta guztiz ere, Azpeitiko jardunaldia Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariek irabazi zuten; izan ere, bikoteak 17 minutu eta 4 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Amundarainek eta Soroak, berriz, sei segundo gehiago –17 minutu eta 10 segundo– behar izan zituzten. Azpeitiko eta Basaurko lanetako denborak batuta, Amundarainek eta Soroak 32 minutu eta 8 segundoko denbora egin dute, Rodriguezi eta Basozabali hogei segundoko aldea aterata.
Txapeldunez eta txapeldunordeez gain, beste lau bikotek ere parte hartu dute txapelketan: Hodei Ezpeletak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak –hirugarrenak, 33:37–, Oier eta Xuban Kañamaresek –laugarrenak, 35:09–, Julen Olanok eta Julen Gabirondok –bosgarrenak, 36:24– eta Joxean Etxeberriak eta Axel Larrañagak –42:16–.
Harri jasotzea eta trontza
Binakako Harrijasotze Txapelketan Mikel Lopetegi Urra zarauztarra eta Iñigo Eizagirre Eiza nagusitu ziren. Bikote irabazleak 11.664 kilo altxatu zituen Izarraitzen, eta Beñat Telleriak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak osatutako bikoteak 11.039 kilo. 150 kiloko laukizuzena, 125 kiloko kopa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu zituzten laurek txanda ezberdinetan.
Emakumeen Trontzalari Txapelketan, berriz, Maria eta Ainhoa Iraizoz aritu ziren alde batetik, eta bestetik, Uxue Rodriguez eta Nerea Uharte. Iraizoztarrek 10 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten 36 ontzako enborra hamasei aldiz mozteko. Rodriguezek eta Uhartek, berriz, 11 minututan amaitu zuten lana.
(Argazkiak: Ibon Errazu)