Musika jardunak eta antzeko inguru militanteak elkartu zituen Jone Azkoaga, Gorka Larrañaga, Andrea Lopetegi eta Nerea Altxu. Laurak aritu izan dira edo oraindik ere badihardute bestelako musika proiektuetan: Pottors ta Klitto, Mor More, Inor Ez, Managaitz... Orain, indarrak batu eta Ginger taldean murgilduta dabiltza buru-belarri lau zarauztarrak.
Hasieran, dibertitzeko xede soilarekin, musika sortzeari ekin zioten Altxuk, Lopetegik eta Azkoagak. Azken bien kasuan, Mor More taldean sortzen zituztenak baino doinu kañeroagoak egiteko gogoa zeukaten. Bateria-jotzaile baten premia zutela eta, Larrañaga lagunari proposatu zioten, eta hark gogotsu egin zuen bat proiektuarekin. Azkoagak eta Altxuk gitarra elektrikoa jotzen dute, eta baxua astintzen du Lopetegik. Abestu laurek egiten dute, baina, nagusiki, Altxuk. Gaur arte, punk rock melodiko kutsua duten bi abesti plazaratu ditu laukoteak: Ixo eta Putzuzulo. Beste bat grabatuta daukate dagoeneko, eta aurreikusten dute prest dituzten gainontzeko hiru abestiak datozen asteetan grabatzea, eta sei piezak jasota EP labur bat plazaratzea. Donostiako Corsarios estudioetan grabatu dituzte orain arteko kantuak, eta han nahi dituzte grabatu hurrengoak ere, «oso esperientzia ona» izan delako.
Bidelagunak
Bi zuzeneko eskaini ditu gaur arte Zarauzko taldeak. Lehena Donostian, Doka aretoan, eta bigarrena Lekarozen (Nafarroa). Dokan esaini zuten kontzertuan ikusleek eserita egon behar izan zuten, eta taldekoek giroa apur bat hotza izatea espero zuten arren, ez zen hala izan. «Donostian jo genuen, baina Zarautzen geundela ematen zuen», azaldu du Larrañagak. Izan ere, orain arteko ibilbidean bidelagun asko izan dituzte lau musikariek, bai bideoklipa egiten, bai letrak sortzen, bai diseinuan... «Horien guztien babesa jaso dugu kontzertuetan», azaldu du Azkoagak. Beraz, publikoan aurpegi ezagun ugari zituztela jo zuten.
Arestian aipatu bezala, punk melodiko kutsua duen musika mota lantzen du Gingerrek, eta estilo horrekin bat eginez, zuzenak eta zorrotzak dira orain arte sortutako letrak. Ixo abestia nori zuzenduta dagoen galdetuta, Azkoagak azaldu du «norberak barruan izaten duen ahots horri» esaten diotela isiltzeko. «Askotan laguntzen digu ahots horrek gauzak egiten, baina beste askotan traizionatu egiten gaitu, eta mamua bihurtu daiteke. Arreta eman behar diogu ahots horri gauza askotarako, baina askotan oztopo bilakatu daiteke». Hori da Azkoagak ematen duen azalpena, baina, dena den, beren letra «interpretazio librekoa» ere izan daitekeela dio.
Esperotako kontzertua
Putzuzulo gaztetxea oso toki berezia da Gingerreko kideentzat. «Ezagutu dugunok badakigu zenbat eman dion herriari. Badakigu zenbat ate ireki dizkien hainbat proiekturi, eta guretzat altxor bat izan da», dio Larrañagak. Azkoagaren arabera, espazio bat izan da «gure beharrak asetzeko, ametsak betetzeko eta esperientzia asko igarotzeko». Larrañagak gaineratu du gaztetxeak asko erraztu duela «mugimendu eta adin ezberdinetako jendearen saretzea», eta horren adibide da Ginger bera eratu izana.
Hamaseigarren urteurrenean murgilduko da Putzuzulo bihar, eta bere ibilbideko hirugarren kontzertua etxean emateko aukera izango du Gingerrek. Eraikina eraitsiko duten egunaren bezperak direla kontuan hartuta, ilusio berezia egiten die biharko hitzorduak lau kideei. Putzuzulo abestia ere nahita grabatu zuten lehenengotarikoa, eraitsi baino lehenago argitaratzea nahi zutelako. «Ez genekien bertan jotzera iritsiko ote ginen», dio Larrañagak.
Sarri irudikatu dute, beraz, gaztetxean eman beharreko kontzertu hori. «Gogo handia» daukate biharko hitzordua iristeko: «Ez genekien joko genuen, nola joko genuen... azkenean, zutik egongo dira ikusleak, eta oso pozik gaude». 22:00etan hasiko dira biharko kontzertuak Putzuzulon, eta Gingerren atzetik, Nize taldeak joko du.
Abendutik aurrera ere hainbat kontzertu eskainiko dituzte: abenduaren 3an Azpeitiko Sanagustinen dute hitzordua, 4an Durangon (Bizkaia), 10ean Mutrikun (Gipuzkoa), eta otsailaren 12an Oñatin (Gipuzkoa). Larunbat honetan Putzuzulora joaterik ez dutenek, beraz, izango dute aurrerago ere Gingerren zuzenekoen indarraz gozatzeko aukera.
'Isla dezala putzuak' lelo hartuta, bihar hasiko da festa Putzuzulon
Hamasei urte beteko dira bihar Putzuzulo gaztetxea okupatu zutela. 2005eko udazkenean, ehunka gazte sartu ziren Lizundia oihal fabrika zaharrean, eta ospakizun garaia izan ohi da harrezkero urriaren amaiera aldea eta azaroaren hasiera.
Ohi bezala, brindixarekin hasiko dituzte ospakizunak bihar Putzuzulon, 12:00etan. Horrez gain, batzar informatiboa ere egingo dute ordu berean, bertaratzen direnek jakin dezaten zein den gaztetxearen egoera une honetan. Ondoren, kantu bazkaria izango da. Gauean, 22:00etatik aurrera, Nize eta Ginger taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, eta horren ostean, 01:00etan, Elektropeña, Anwolt eta Xiarroman DJ zarauztarrak ariko dira musika jartzen. Igandean, astelehenean eta datorren asteburuan jarraipena izango du egitarauak, eta afariak, kontzertuak eta giro aparta nagusituko dira egun horietan ere.
Data zehtzik ez dagoen arren, laster eraitsiko dute Putzuzulo gaztetxea bertan etxebizitzak egiteko, beraz, ziurrenik aurtengoa izango da bere azken urteurrena. Oraindik eragileek Putzuzulo erabiltzen badute ere, laster Eroski atzean kokatuta dagoen pabilioi bat izango da gaztetxe berria.