Peio Segurola eta 'Argi' txakurra garaile, Saizarren omenaldian

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 17a, 12:22

Atzo arratsaldean jokatu zen Zarautzen Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa, eta lehia estuaren ondoren, Matxinbetako bizilaguna nagusitu zen. Sari banaketaren aurretik, herriko txapelketa urte luzez antolatzen aritutako saizar zenari aitortza egin zioten.

Omenaldi hunkigarria egin zioten atzo arratsaldean dozena bat urtez jarraian herriko Arraza Libreko Txakur Txapelketa antolatzen aritutako eta, era berean, han nahiz hemen parte hartzaile ibilitako Jose Luis Saizar zenari. Atzokoa Zarautzen jokatu zuten hamarhirugarrena izan zen, eta Matxinbentako Peio Segurola izan zen nagusi, bigarren izan zen Mikel Aizpurua oiartzuarrari bi puntuko alde eskasa aterata.

Orain arte Kortazar eremuan egiten badin bazuten ere, aurten Itxasmendi auzora lekualdatu zen ekitaldia: Iritako zelaira. Guztira, sei artzain aritu ziren lehian, eta bakoitzak bere txakurrarekin hainbat ariketa osatu behar izan zituzten ardi multzoak zirkuluan barruan sartzen, ateetatik igarotzen edota itxitura baten sarruan sartu-ateratzen.

Lehia oso estua izan zen lehenengo hiru sailkatuen artean: bi puntuko aldea lehen bien artean, baina kontuan izan behar da bigarren eta hirugarren sailkatuak puntutan berdindu egin zutela. Hau da, Mikel Aizpurua oiartzuarrak, Argi-rekin, eta Ignazio Irakulis etxanoztarrak, Beltz-ekin, puntuazio bera lortu zuten;  Irakulisek, ordea, minutu eta erdi gehiago behar izan zuen ariketak osatzeko, eta, ondorioz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Gainerakoei dagokienez, Gaizka Etxaniz eta Nai txakurra izan ziren laugarren, Javier Gaztañaga antzuolarra eta Artzai bosgarren, eta Aitor Urien abadiñoarra eta Jack seigarren. Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagaren eskutik jaso zituzten sariak parte hartzaile guztiek.

Hunkituta eta eskertuta

Sari banaketa ekitaldiarekin hasi aurretik, Saizar zenari aitortza egin nahi izan zioten antolakuntzako kideek eta baita kide izan zituen artzain parte hartzaileek. Sendia haren bi txakurrekin azaldu zen ekitaldira, eta, lehenik eta behin, agurra dantzatu zioten. Antolakuntzako kideetako batek bertsoa bat abestu zien, eta, jarraian, oroigarria nahiz lore-sorta eman zieten familiako kideei. Hauek erabat hunkituta eta eskertuta agertu ziren uneoro.

Ardi txakurren munduan aritzeaz gain, border collie arrazako txakurrekin ere jardun zuen Saizarrek ABCT elkartearekin elkarlanean. Hori horrela, elkarte horretako kide Asier Monasterio eta Sergio Gutierrez ere atzoko omenaldian izan ziren, eta ez zuten aukerarik galdu haren eskuzabaltasuna eta prestutasuna nabarmentzeko. Bukaeran, familia argazkia atera zuen familiak Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketako parte hartzaile guztiekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide