Patxi Zubizarretak irabazi du 40. Lizardi Saria, 'Zerria' lanari esker

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 28a, 11:24

Honakoa bigarren aldia du lehiaketa irabazten duena; izan ere, duela 20 urte 'Matias Ploff-en erabakiak' lanagatik saritu zuten.

Azalberrituta aurkeztu zuten 40. Lizardi Saria, joan den apirilean, Xabier Lizardiren jaiotzaren 125. urtemuga egunean,  iazko ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldian. Data berria, sari potoloagoa, eta haur eta gazte literaturaren artean txandaka. Aurtengo edizioan gazte literatura –13-17 urte bitarteko irakurleentzat– izan dute ardatz eta parte hartu duten lanen artean, Patxi Zubizarreta Dorronsoro ordiziarrak irabazi du Zerriak narrazioarekin. Halaxe erabaki du Castillo Suarez, Kati Olaizola eta Alex Gurrutxagak osatutako epaimahaiak.

Ibilbide luzea du Zubizarretak literaturgintzan, eta, batik bat, haur eta gazte esparruan: Eztia eta ozpina, Atlas sentimentala, Atxiki sekretua, Pospolo kaxa bat bezala eta Xia Tenzinen bidaia miresgarria. Gainera, ez da lehen aldia Lizardi Saria irabazten duena: 1991ean, Matias Ploff-en erabakiak lanari esker saritu zuten.

“Orain dela 20 urte Lizardi Saria bideratu zidan Matias Ploffen erabakiak ipuinean bezala, abentura gogo berberarekin abiatu nintzen eta poztasun handia hartu dut berriro ere epaimahaiak lan hau inuksuit [egileak bere narrazioan erabiltzen duen kontzeptua da mugarria adierazteko] eta mugarri izendatu duelako, hain zuzen ere Lizardi Sariak 40 urte betetzen dituen data seinalatu honetan" adierazi du Patxi Zubizarretak.

"Estilistikoki dotorea"

Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, Zerria ipuina "testu dotorea da estilistikoki". Haien esanetan, kapitulu biribilak eta ederki josiak, irudi indartsuak eta deskribapen interesgarriak barnebiltzen ditu. "Eta, hori guztia, idazkera jori bezain gustagarrian emana", zehaztu dute.

Hala, "literatur maila azpimarragarria eskaintzeaz gain, testuak aukera ematen du askotariko gaiak jorratzeko, interes handia izan dezaketenak hamasei urtetik gorako gazteekin lantzeko: glaziarren ikerketa, gorpuen kontserbazioa, Junes Cazenave-Harigileren obra, Kanadako Nenana Ice Classic delakoa, eta abar luzea”, azaldu dute.

Lizardi Sariaren 40. edizioaren sari banaketa datorren apirilaren 2an egingo da, Haur eta Gazte Liburuen Nazioarteko Egunaren hairira antolatuko duten ekitaldian. Sarituak 5.500 euroko saria jasoko du Zarauzko Udalaren partetik, eta beste 1.000 euro ere bideratuko dituzte, garailearen lana argitaratzerako garaian, liburuaren ilustratzaileari laguntzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide