AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen Urola Kostako batzordeak ikasturteari ekingo dio datorren astean, eta bi ekintza prestatu ditu eskualdeko herritarrentzat; alde batetik, ibilaldi osasungarriak egingo dituzte Azpeitian, Orion eta Zarautzen, eta, bestetik, erretzeari uzteko terapiak izango dira.
Ibilaldiei dagokienez, Orion irailaren 14an hasiko dira, eta asteartero egingo dituzte txangoak Kaia kaleko 1. zenbakitik abiatuta —anbulatorioaren ondotik—. Zarautzen, aldiz, irailaren 15ean hasiko dira ibilaldiak, eta asteazkenero egingo dituzte horiek Gipuzkoako AECCk bertan duen egoitzatik abiatuta —Balea kaleko 2. zenbakia—. Horrez gain, aurten Azpeitian ere izango dira ibilaldi osasungarriak, irailaren 20tik aurrera. Han astelehenero izango dira saioak, AECCren Azpeitiko egoitza berritik abiatuta —Enparan kaleko 6. zenbakia—. Herri guztietan 10:00etan hasiko dira txangoak.
Berriak dira Azpeitiko ibilaldiak; izan ere, AECCk egoitza du bertan joan zen ekainetik. Nagore Alkorta alkateak eta Juan Ormazabal Gipuzkoako AECCren presidenteak hitzarmena sinatu zuten orduan. Azpeitiko Udalak Baigera I eraikineko hirugarren solairuko bulego bat utzi zion elkarteari, bere zerbitzuak han eskaini zitzan. Bi urterako hitzarmena sinatu zuten, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.
Guztira, bost kilometroko ibilbidea egingo dute astero ibilaldietan parte hartzen duten herritarrek; ordu eta erdi inguru iraungo du saio bakoitzak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jarduera horien helburuak «pertsonen artean bizimodu osasungarriak sustatzea» eta «minbizia bezalako gaixotasunak izateko arriskuak murrizten laguntzea» dira. Bestalde, saioak «doakoak eta irekiak» direla azpimarratu dute, eta, beraz, edonork parte hartu ahal izango duela.
Erretzeari uzteko terapiak
AECCren prebentzio arloak antolatuta, erretzeari uzteko taldeak ere izango dira hil honetatik aurrera, online bidez zein aurrez aurre. Saio horiek tabakismoan aditua den psikologo batek eskainiko ditu, eta zortzi asteko doako terapiak izango dira. Antolatzaileen arabera, %60ko arrakasta tasa dute.
Arreta ahalik eta pertsonalizatuena izan dadin, aurretik elkarrizketa egingo zaie interesatuei, eta bakoitzarentzat erretzeari uzteko modurik onena zein den baloratuko dute. AECCren webgunean kontsulta daitezke ordutegiak eta zehaztapenak.
Ibilaldi osasungarrietan zein erretzeari uzteko terapietan izena emateko, 943-13 32 36 telefonora deitu beharko da, edo, bestela, gipuzkoa@aecc.es helbide elektronikora mezu bat bidali. Erretzeari uzteko saioetan izena emateko epea etzi, ostirala, amaituko da.
6.000 euro, ekintzei esker
Joan zen abuztuaren 7an eta 8an minbiziaren aurkako borrokaren aldeko diru bilketa egin zuen Gipuzkoako AECCren Urola Kostako batzordeak, Zarautzen; 50 boluntario inguruk parte hartu zuten herriko bederatzi gunetan, eta, guztira, 3.663,08 euro lortu zituzten. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio abuztuaren 4an jokatutako golf txapelketa solidarioan bildutako 3.015 euroak. Zarauzko Real Club de Golf elkarteak antolatu ohi du urtero, AECC Gipuzkoaren alde, eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak ere parte hartu zuen sari banaketa ekitaldian. Minbiziaren Aurkako Elkarteak eskerrak eman zizkien Zarauzko Udalari, golf klubari eta ekimen solidarioa aurrera eramateko opariak eman zituzten saltokiei.
Bi ekintza horietatik lortutakoari esker, elkarteak ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen jarraitu ahal izango du, gaixo dauden pertsonei eta haien senideei laguntzeko programak gauzatzen jarraituko du eta gaixotasunaren prebentzio eta detekzio goiztiarreko kanpainak landu ahal izango ditu. AECCren zerbitzuak doakoak direnez, diru bilketa edo golf txapelketa moduko ekimenak «ezinbestekoak» direla nabarmendu zuten beraien egitekoak eta zerbitzuak mantentzen jarraitzeko. Bestalde, ekimen horren bidez Urola Kostako herritarrei gogorarazi diete elkartea hor dagoela eta urteko egun guztietan lanean jarraitzen dutela gaixo eta senideei laguntzen.