Salinas herrian (Asturias, Espainia) jokatu dituzte azken egunetan Espainiako hainbat kategoriatako longboard txapelketak, eta open kategorian Jon Garmendia zarauztarra izan da irabazle. Faboritoen artean zen Garmendia, izan ere, iaz ere txapela eskuratu zuen eta bigarren postua erdietsi zuen orain bi urte. Lanak txukun eginda, bigarren urtez jarraian titulu preziatua eskuratu du.
Ohol luzearekin surflari aparta izateaz gain, taulagintzan ere aritzen da Garmendia. Izan ere, bai aurten bai iaz, berak egindako taulekin irabazi du Espainiako Txapelketa, eta bi urte horietan emakumezkoen txapelketan garaile izan den Carlota Jauregik ere Garmendiaren taulekin lehiatu du.
Iazko erreportaje honetan irakur daiteke gehiago zarauztarraren jardunari buruz.