Ohorezko txandan ariko da Orio Eusko Label ligako azken estropadetan

Juan Luis Romatet 2021eko abuztuaren 29a

Moañan jokatu da gaur eguerdian Eusko Label ligako estropada. Oriok helburuetako bat bete du, eta ligako azken estropadetan ohorezko txandan izatea lortu du. Zarautzek, berriz, lan oso ona egin du gaur eta zortzigarren postuan sailkatu da.

Galizian jokatu dira asteburu honetan Eusko Label ligako estropadak. Atzo Betanzoseko itsasadarrean izan diren estropadak, Aresen; gaur Vigoko itsasadarrean, Moañan. Eskualdeko ontziak oso helburu desberdinekin lehiatu dira XXXIX Bandeira Concello de Moaña estropadan: Zarautzek atzo ziurtatu zuen datorren denboraldian ez dela liga honetan arituko, eta ahalik eta lan onena egiteko asmoarekin uretaratu da; Oriok, berriz, ligako azken bi estropadetan ohorezko txandan sartzea zuen asmoa.

Burumakur ez, burua gora zuela aurkeztu da Zarautz Moañan. Zapatuan ziurtatu zen maila jaitsiera eta gaur, ezer jokoan ez, eta arraunketa saio on bat egitera aurkeztu da. Lehen metroetatik hartu du txandako burua. Aresek bakarrik eutsi dio Enbatari; denboraldian zehar aurkari nagusi izan du Tiran eta gaur kaskar aritu den Lekittarra atzean utzi ditu lehen luzerako. Azken luzera arte egon da Zarautz txandaren buruan, Aresek pasatu duen arte. Txandaren amaieran hiru segundo besterik ez dira izan galiziarren eta Zarautzen atzean. Ez hori bakarrik: bigarren txanda aritu den Cabo da Cruzek, eta ohorezko txandan lehiatu den Zierbenak Zarautzek baino denbora okerragoak egin dituzte gaur. Zortzigarren egin du Enbatak gaur Moañan, eta sailkapeneko azken postua mantendu badu ere, harro bueltatzeko arrazoiak izan ditu. 

Galiziako estropaden aurretik bosgarren postuan zen sailkapenean Orio; laugarren zen Zierbenak puntu bakarreko aldea ateratzen zien. Bi estropada hauen ondoren, Orio da laugarren eta zazpi puntuko aldea dio bosgarren den traineru bizkaitarrari. Atzo, Aresen, puntu bat jan zion; gaur aldea nabarmen handitu du. Izan ere, estropada bikaina egin du San Nikolasek Moañan. Bigarren txandan arituta, bandera irabaztetik hurbil egon da gaur harrobiko bederatzi arraunlarirekin aritu den Orioko trainerua. Ohorezko txandan aritu diren Santurtzik eta Hondarribiak azken luzean bakarrik lortu dute oriotarren denbora hobetzea. Bandera Santurtzik irabazi du, eta bigarren izan da Hondarribia. Oriok hirugarren egin du gaur, eta lortutako puntuei esker, ligako azken bi estropadetan ohorezko txandan ariko da, Santurtzi, Hondarribia eta Donostiarrarekin batera. 

Hori irailaren 18an eta 19an izango da. Aurretik, iraileko lehen bi igandetan, Kontxako Bandera izango dute jokoan. Sailkatze estropadak asteazkenean eta ostegunean izango dira: asteazkenean emakumeena, eta ostegunean gizonezkoena. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide