Bigarren urtez jarraian ez da Euskal Jai Egunik ospatuko irailaren 9an, pandemiak eragindako egoera dela medio. "Datuak beherantz doazen arren, oraindik ez dute laguntzen jai giroan ekintzak aurrera eramaten", azpimarra eginez iragarri zuen Jesus Arana alkateordeak Zarauzko Udalaren erabakia, atzo goizean Modelo aretoaren aurrean eginiko agerraldian. Edonola ere, euskal kulturarekin zerikusia duten ekintzak eta ekimenak bultzatzeko "saiakera berezia" egin dutela azaldu du, eta, horregatik, Euskal Asteari eutsiko diotela aurten ere, "modu berezian bada ere".
Modelo aretoa izango da Euskal Astearen topaleku. Bertako oholtza gainean egingo dituzte antolatutako lehiaketa eta emanaldi guztiak, segurtasun neurriak bermatuta. Irune Urbieta Kultura zinegotzia arduratu zen aurtengo egitaraua aurkezteaz. Atzo eman zioten hasiera asteari Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketako lehen kanporaketarekin, eta gaur emango diote segida, bigarrena jokatuz; horiek Imanol Urbieta Musika eskolako aretoan izan badira ere, irailaren 3ko finala Modelon izango da.
Txapelketak eta emanaldiak
Trikitilari Gazteen 41. Txapelketa jokatuko dute irailaren 1ean, datorren asteazkenean, eta momentuz sei bikotek eman dute izena. Irailaren 2an, ostegunean, Dantzari Gazteen Txapelketa izango da, gaur-gaurkoz hamar bikote daude. Irailaren 4rako, berriz, hamaika lagun animatu dira Aurresku Txapelketarako, eta irailaren 6ko Helduen Binakako Dantzarako hamar bikote. Bestalde, Adarretatik Musika Jaialdian bertan behera geratu zen Amaia Zubiriaren kontzertua, irailaren 8an izango da. Modeloko edukiera 80 lagunetara mugatuko dute, eta pertsonako gehienez lau sarrera banatuko dira.
Alproja antzerki taldeak, bere aldetik, emanaldi bikoitza eskainiko du irailaren 11n. Normalean Munoa plazan taularatu ohi dute bere ikuskizuna, baina osasun neurriak direla-eta, Lizardi kirol aretoan aurkeztuko du Etxegabetuak lan berria, 10:30ean eta 12:15ean. Edukiera oraindik zehazteke dute, eta sarrerak irailaren 4an eskuratu ahalko dira Musika Plazan, 19:00etatik aurrera; pertsonako bi sarrera eskuratzeko aukera izango da gehienez.
Irailaren 9an, ezer ez
"Hilaren 9an ez da ezer egongo. Zarauzko Udalak ez du ezer antolatuko, eta ez du inolako ekimenik baimenduko", utzi nahi izan zuen argi eta garbi Aranak. Bandoa atzo sinatu zuten udalean, eta gaur iragarriko dute. Baldintzak iazko berak izango direla azpimarratu zuen alkateordeak: "Ez dira baimenduta egongo orgak eta antzerako tramankuluak. Jakina denez, kalean edatea debekatuta dago, jatetxe eta tabernetako terrazetatik kanpo. Beraz, zehaztapen horiek guztiak jasotzen dira bando horretan".
Era berean, jai egun berezietan egon ohi den dispositiboa egongo dela martxan azaldu du. "Sanpelaioak ez ziren ospatu eta ez zen ezer berezirik gertatu herrian. Alde horretatik, espero dugu zarauztarrek ere arduraz eta zentzuz jokatuko dutela sanpelaioetan eta amabirjinetan jokatu duten bezala", mezua luzatu die Aranak.