Minbiziaren Aurkako Elkarteak 6.600 euro lortu ditu herrian eginiko bi ekintza solidarioei esker

Aritz Mutiozabal 2021eko abuztuaren 26a

Elkartea biziki eskertuta agertu da zarauztarrek emandako erantzun onarekin. Diru-bilketa eta golf txapelketa "ezinbesteko" ekimenak direla beraien egitekoak aurrera ematen jarraitzeko.

AECC Gipuzkoako Urola Kostako Batzordea guztiz eskertuta agertu da zarauztarrek emandako eskuzabaltasunarekin. Izan ere,  abuztuaren 7an eta 8an minbiziaren aurkako borrokaren alde urteko diru-bilketa egin zuten herrian –50 boluntario inguruk hartu zuten parte herriko bederatzi gunetan–, eta, guztira, 3.663,08 euroko lortu zituzten.

Zenbateko horri gehitu behar zaio abuztuaren 4an jokatutako Golf Txapelketa solidarioan bildutako 3.015 eurokoak. Zarauzko Real Club de Golf elkarteak antolatu ohi du urtero, AECC Gipuzkoaren alde, eta Xabier Txurruka alkateak ere parte hartu zuen sari banaketa ekitaldian. Alde horretatik, Minbiziaren Aurkako Elkarteak eskerrak eman dizkie Zarauzko Udalari, golf klubari eta ekimen solidario hau aurrera eramateko opariak eman zituzten saltokiei.

Bi ekintza horietatik lortutakoari esker, elkarteak ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen jarraitu ahal izango du, gaixo dauden pertsonei eta haien senideei laguntzeko programak gauzatzen jarraituko du eta gaixotasunaren prebentzio eta detekzio goiztiarreko kanpainak landu ahal izango ditu. AECCren zerbitzu guztiak doakoak direnez, diru-bilketa edo golf txapelketa bezalako ekimenak "ezinbestekoak" direla nabarmendu dute beraien egitekoak eta zerbitzuak mantentzen jarraitzeko.

Gainera, ekimen horren bidez, Urola Kostako herritarrei gogorarazi nahi diete elkartea hor dagoela eta urteko egun guztietan lanean jarraitzen duela gaixo eta senideei laguntzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide