Bertsolari gazteak prest daude Lizardi Sariketari heltzeko

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 25a, 14:11

Bihar eta etzi jokatuko dituzte kanporaketak Imanol Urbieta Musika Eskolako aretoan. Hamasei parte-hartzailetatik sei irailaren 3ko finalera sailkatuko dira.

Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariketako finala datorren astean jokatuko da, irailaren 3an, Modelo aretoan. Aurretik, ohi bezala, bi kanporaketa jokatuko dituzte, eta bertsolariek bertan lortu beharko dute azken txanparako txartela. Hain zuzen ere, bi saio horiek bihar eta etzi izango dira Imanol Urbieta Musika Eskolako aretoan, 22:00etan hasita.

Bi kanporaketetarako sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira, edukiera mugatua delako. Egunean bertan jarriko dituzte eskuragarri, saioak hasi baino ordubete lehenago, Modeloko leihatilan; gehienez lau sarrera lor daitezke pertsonako.

Kanporaketa bakoitzean zortzi bertsolari ariko dira kantuan. Biharko saioan honako hauek: Aitor Servier, Ekhiñe Zapiain, Kerman Diaz, Andoni Mujika, Iruri Altzerreka, Libe Goenaga, Uxue Alkorta eta Aitor Zubikarai. Ostiralekoan, berriz, ondorengo hauek igoko dira taulara: Sarai Robles, Txaber Altube, Urko Arregi, Maddi Aiestaran, Endika Legarra, Aissa Intxausti, Aimar Sorazu eta Julene Iturbe. 

Saio bakoitzeko irabazleak zuzenean lortuko du finalerako txartela, eta finalean kantatuko duten gainontzeko lau bertsolariak puntuazio bidez erabakiko dira. Finala ere 22:00etan hasiko da, eta sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira, hiru euroan, Modeloko leihatilan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide