Eusko Label ligarako puntuagarria izan den Hondarribiko XXXIV. Bandera jokatu da gaur eguerdian. Etxeko trainerua izan da nagusi, Ama Guadalupekoa, eta aspalditik irabazi gabe zuen banderaren jabe egin da. Eskualdeko ontziek, berriz, esperientzia gazi-gozoak izan dituzte: Oriok pozik egoteko estropada egin du; Zarautz, aldiz, sailkapeneko azken postuan kokatu da gaur ere.
Oriok bere itxurarik onena erakutsi du gaur. Bigarren txandan aritu da Urdaibai, Ondarroa eta Cabo galiziarrarekin batera, eta nagusi izan da lau ontzien arteko lehian. Hasieratik hartu du burua, eta ez du inoiz utzi. Ez hori bakarrik: ohorezko txandan aritu diren lau ontzietatik bakarra sailkatu da San Nikolasen aurretik, etxeko Ama Guadalupekoa, hain zuzen.
Zarautz, berriz, hamabigarren postutik ihes egiteko borrokan egon da estropada osoan zehar. Ia hasieratik egon da bere txandako azken postuan, alde handiagatik ez bazen ere. Baina, maila ez galtzeko aurkari duen Tiran beti aurretik joan da, segundo gutxi batzuengatik izan bada ere. Lau luzeen amaieran, hamabigarren sailkatu da Zarauzko Enbata.
Sailkapen orokorrean, bosgarren jarraitzen du Oriok, baina aurretik duen Zierbenak puntu bakarreko aldea ateratzen dio: 41 puntu ditu Zierbenak eta 40 Oriok. Zarautzek, berriz, ezusteko pozgarri handi bat beharko du hurrengo asteburuan maila mantentzeko. Azkena da Zarauz, 38 punturekin, eta aurretik duen Tiranek 49 puntu ditu, Enbatak baino 11 gehiago. Sorpresarik izan ezean, datorren astean Galizian jokatuko diren bi estropadak izango dira Zarautzentzat azkenak denboraldi honi dagokionez.