Argiak eta ilunak Eusko Label ligako eskualdeko taldeentzat

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 21a, 20:51

Orio jaun eta jabe izan da bigarren txandan, eta gertu egon da hirugarren postua lortzetik. Tiranek bi puntuz areagotu du Zarautz-Gesalaga-Okelanekin zuen aldea, gaur Ondarroan jokatutako estropadaren ondoren. Bihar eguerdian Hondarribia izango dute estropada, baita emakumeek ere, nahiz eta ligatik kanpo izan.

Erakustaldi ederra eman du Oriok bigarren txandan, bigarren sailkatu den Bermeori hamar segundoko aldea aterata. Ohorezko txandan aritzeko moduko denbora zehaztu du zalantzarik gabe. Izan ere, sailkapen orokorrean laugarren bukatu du, hirugarren izan den Hondarribiaren denbora bera eginez, ehuneko eskas batzuk salbu. Ondarroako bandera Zierbenarentzat izan da.

Itxaropena inoiz ez da galdu behar, eta aukerak dauden bitartean lan egiten jarraitu beharra dago. Amets egiten. Edonola ere, gauzak gero eta ilunago jartzen ari zaizkio Zarautz-Gesalaga-Okelani. Aurreko asteburuan Tiranekiko zituen aldeak murrizteko gai izan zen, eta bazirudien dinamika horri jarraiki, balentria egiteko gai izango zela. Gaur, ordea, argi eta garbi ikusi da Ondarroan denek nahi dutela Eusko Label ligan jarraitu, batik bat beheko postuetan kokatuta dauden ontziek. Eta pauso bat aurrera emateko gai direla.

Zarautz hasieratik saiatu bada ere bere arraunketa egiten, Tiranek serio ekin dio bere lanari, eta pixkanaka-pixkanaka atzean uzten utzi da Ares eta Zarautz. Bi hauen artean lehia estua egon da helmugaratzeko unera arte. Azkenean, photofinishak erabaki du: Ares aurretik atera da, eta Zarautz azkena izan da, Lekittarrak irabazi duen multzoan. Orotara, gainera, hamabigarren izan da.

Ondorioz, sailkapen orokorrean azken postuan jarraitzen du 37 punturekin, eta Tiranek hamar puntuko aldea ateratzen dio, 47 punturekin. Bihar Hondarribin izango dute beste aukera bat, eta datorren astean bukatuko da liga hauentzat Galizian jokatuko diren azken bi jardunaldirekin.

ESTROPADAREN SAILKAPENA

  KLUBA   DENBORA ALDE    
1 ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA   19:34,54      
2 DONOSTIARRA AMENABAR   19:36,34 00:01.80    
3 GO FIT HONDARRIBIA   19:41,16 00:06.62    
4 ORIO ORIALKI   19:41,46 00:06.92    
5 SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO   19:46,06 00:11.52    
6 BERMEO URDAIBAI AVIA   19:51,96 00:17.42    
7 CR CABO DA CRUZ   19:57,36 00:22.82    
8 ONDARROA CIKAUTXO   19:58,58 00:24.04    
9 LEKITTARRA ELECNOR   20:20,33 00:45.79    
10 SD TIRÁN PEREIRA   20:20,99 00:46.45    
11 CLUB DE REMO DE ARES   20:32,57 00:58.03    
12 ZARAUTZ GESALAGA-OKELAN   20:32,69 00:58.15    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide