Zarauzko herriguneko tren geltoki berria eraikitzeko lanak abiatu berri ditu Tecsa-Amenabar ABEEak. 8,1 milioi euroko aurrekontuarekin, dauden instalazioak "modernizatu" eta trenbidearen trazadurak herrian duen "hiri integrazioa hobetzea" ahalbidetuko dute lanek, Xabier Txurruka alkateak sare sozialen bidez jakitera eman duenez.
Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoak finantzatuko dute geltoki berriaren proiektua. Jaurlaritzaren erakundeak aurrekontuaren bi heren hartuko ditu bere gain, eta udalak geratzen den herena. Lanek 29 hilabete irautea aurreikusi dute, eta epe horretan egungo geltokiaren eraikina eraitsiko dute, trazadura aldi baterako zuzendu eta behin-behineko geltoki bat eraikiko dute, obrak egin bitartean zerbitzuarekin jarraitu ahal izateko. Terminal berriak 80 metroko luzera duten alboko nasak izango ditu.
Txurrukaren arabera, geltoki berria eraikitzearen helburua da "nasak eta atariko eremua era seguruan eta irisgarrian lotzea". Gaineratu du Donostiako topoaren trenbide saihesbidea zerbitzua ematen hasten denean Bilbo-Donostia ibilbidean eskaria igotzea aurreikusten dela, eta eragina izango duela "bereziki Zarautz-Donostia tartean".
"Proiektuaren helburua, azken batean, tren zerbitzua hobetzea da, baita Zarauzko hiriguneko trenbidearen trazaduraren iparraldearen eta hegoaldearen arteko hiri iragazkortasuna ere. Horretarako, azpiko pasabide bat eraikiko da terminal berriaren azpian", burutu du alkateak.