Galizian jokatu dira asteburu honetan Eusko Label ligako bi jardunaldiak, biak ere Arousako itsasadarrean: larunbatean Rianxon eta igandean Boiron. Baldintza oso desberdinak izan dituzte arraunlariek bi hitzorduetan, eta horrek izan du eragina sailkapenean.
Bandeira Barbanza Arousa jokatu zen lehenbizikoz Rianxo herrian. Bandera berria, baita estropada eremu berria ere. Haize bolada indartsuak izan ziren estropadak iraun zuen denboran, eta haize olatuek arraunketa ere zaildu zuten. Txanda batetik bestera baldintzak ere aldatzen joan ziren, eta hala, Eusko Label ligan aurretik gertatu izan den bezala, bigarren txandan aritutako traineru batek eraman du Rianxoko bandera, Donostiarrakek, hain zuzen. Ohorezko txandan aritu zen Orio seigarren izan zen larunbatean. Zarautz, berriz, hamaikagarren postuan sailkatu zen.
Igande honetan, Arousako itsasadarraren beste puntu batean antolatu dituzte estropadak: XXXI Bandeira Concello de Boiro izanda jokoan, eta baldintzak bezperakoekin alderatuta oso bestelakoak izan dituzte. Larunbatean bosgarren eta seigarren izandako Hondarribia eta Orio bigarren txandan aritu dira, eta ikuskizun ederra eskaini dute. Azken txanpan erabaki dute txandako garaipena, eta hor hondarribitarrak azkarragoak izan dira: segundo bat gutxiagora heldu da Orioko San Nikolas. Zarautzek, ordea, ezin izan du sailkapeneko azken postua ekidin, nahiz eta ausart aritu den uretan. Bandera, oraingo honetan, ligako liderra den Santurtzik eskuratu du.
Galiziako bi estropadak jokatu ondoren, Santurtzi da ligako lidergoan 129 punturekin; bigarren da Hondarribia 120 punturekin, hirugarren Zierbena, laugarren den Donostiarrarekin 105 puntutara berdinduta, eta bosgarren Orio, 103 punturekin. Taularen beheko postuetan, aldiz, Zarautz dago azken postuan, 29 punturekin, eta zaildu egin zaio hamabigarren postu horretatik ihes egitea, aurretik duen Tiranek hiru puntuan handitu duelako aldea; gaur egun 39 puntu dituzte galiziarrek, zarauztarren baino hamar puntu gehiago.
Datorren asteburuan arraun egutegiko hitzordu garrantzitsuenetakoa jokatuko da, Zarauzko XLIV. Ikurrina.