Ikusgarriak izan dira Lekeition jokatu diren estropadak

Iñigo Gaiton 2021eko uztailaren 25a

Azken metroetan erabaki da emakumezkoen estropada, eta Orio bigarren izan da, Donostiarraren atzetik. Gizonezkoetan, Oriok bosgarren egin du, eta Zarautz hamargarren sailkatu da. Santurtzik lortu du garaipena.

Estropada zoragarria jokatu dute Euskotren ligako traineruek Lekeition. Borroka ikaragarria izan dute haien artean Oriok, Donostiarrak eta Arraun Lagunak-ek, eta azken segundoetan hartutako olatuei esker gailendu da Donostiarra.

Atzo bezala, Donostiarrak egin du lehen luze onena, baina itzulerakoan, Orio eta Arraun Lagunak joan dira estropada buruan, olatuak txandaka hartu eta elkarri branka sartuz.

Bukaera aldera, bandera Orio eta Arraun Lagunak-en artean erabakiko zela zirudienean, Donostiarrak atzetik aurrera egin du olatuak aprobetxatuz, eta irabaztea lortu du. Orio bigarren izan da ozta-ozta, hirugarren Arraun Lagunak eta laugarren Hondarribia.

Ligaren sailkapenari dagokionez, Arraun Lagunak eta Orio berdinduta daude lidertzan, 25 punturekin.

Sailkapena:
Donostiarra 10:55,36
Orio 10:56,54
Arraun Lagunak 10:57,26
Hondarribia 11:04,40

Ligaren sailkapena:
Arraun Lagunak 25 puntu
Orio 25 puntu
Donostiarra 17 puntu
Hondarribia 13 puntu

Santurtzi garaile gizonezkoen artean

Haizea bihurri ibili da gizonezkoen txanden artean, eta arraunerako baldintza gogorrak izan dituzte estropalariek. Itzulerako luzeak ikusgarriak izan dira, eta traineruek olatuak hartzeko aukera izan dute.

Baldintza gogorretan egin dute arraunean lehen txandako txalupek, eta Zarautz eta Tiran atzean geratu dira lehen luzean. Zarautz aurretik joan da, baina bigarren luzean aurrea hartu diete galiziarrek, eta Enbata atzean geratu da. Zuloan geratzera zihoala ematen zuenean, aurrera egin dute Tiran eta biek, Ares eta Lekittarrarekiko aldea murriztuz. Hala, hamargarren minutuan sei segundoren bueltan izan dira lau txalupak.

Hirugarren luzea bigarren postuan egin du Zarautzek denbora tarte zabalean, baina azken luzearen bigarren zatian txandako hirugarren izatera pasatu da, eta hala gurutzatu du helmuga. Ares eroso gailendu zaie beste hirurei. Ligaren sailkapenean azken postuan jarraitzen du Zarautzek.

Ohorezko txandan, Oriok lehen luzean eutsi dio, eta bigarren postuan joan da Donostiarraren atzetik, baina bigarren luzean atzean geratzen hasi da, eta hortik aurrera, ez du estropada burura hurreratzerik izan.

Santurtzik olatu zoragarri bat hartzeko aukera izan du azken luzean, eta horri esker, tarte erabakigarria atera dio Donostiarrari. Haientzat izan da bandera, bigarren txandan Urdaibaik egindako denbora hobetzea lortu eta gero. Orio laugarren postuan da ligaren sailkapen orokorrean, eta asteburua Ohorezko txandaren barruan ixtea lortu du.

Gaurko sailkapena
1.Santurtzi 20:37,96
2.Urdaibai 20:40,96
3.Hondarribia 20:47,88
4.Donostiarra 20:48,16
5.Orio 20:58,74
6.Ondarroa 21:00,94
7.Cabo de Cruz 21:17,74
8.Ares 21:23,56
9.Lekittarra 21:46,96
10.Zarautz 21:53,34
11. Tiran 21:55,56

Ligaren sailkapen orokorra
1.Santurtzi 84 puntu
2.Hondarribia 78 puntu
3.Zierbena 72 puntu
4.Orio 68 puntu
5.Donostiarra 66 puntu
6.Urdaibai 62 puntu
7.Ondarroa 48 puntu
8.Cabo da Cruz 46 puntu
9.Ares 35 puntu
10.Lekittarra 35 puntu
11.Tiran 25 puntu
12.Zarautz 21 puntu

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide