Gaur arratsaldean, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatu dira Castron (Kantabria). Emakumezkoen txanda 17:40an abiatu dute, eta estropada-eremu bihurrian, azken metroetan erabaki da lehia. Lehen luzean, Donostiarra izan da nagusi lehen erdian, baina balizetara iristerako, Orio parean jarri zaie. Hala, Oriok hartu du ziaboga aurrena. Estropa buruan ziren bi txalupek buelta txarra egin dute, eta horren ondorioz, Donostiarra atzean geratu da.
Bigarren luzean Orio aurretik joan da denbora tarte luzean, baina Arraun Lagunak gertu izan dute une oro, segundo bateko tartean, eta bien arteko lehia oso estua izan da. Momentu batean, bi txalupak asko hurreratu dira, eta epaileak bandera zuria ere atera die donostiarrei. Hala, azken metroetan Arraun Lagunakek aurrea hartu dio Oriori, eta haiek lortu dute garaipena.
Gaur irabazitako banderarekin, Arraun Lagunak jarri da Euskotren Ligako lidertzan, Oriorekiko puntu bakarraren aldearekin.
Sailkapena:
Arraun Lagunak 11:31:21
Orio 11:32:65
Donostiarra 11:39:13
Hondarribia 11:40:66
Orio bigarren eta Zarautz hamaikagarren, gizonezkoetan
Orioko gizonezkoen txalupak estropada ona egin du Castron, eta bigarren izan da Hondarribiaren atzetik. Jon Salsamendiren tripulazioak lehiakorra dela erakutsi du gaur ere, eta estropadaren zati handi batean, atzetik joan arren, berdeei eusteko gai izan dira. Hondarribiak azken luze aparta egin du, eta helmugan, ia 10 segundoko aldearekin gailendu da.
Santurtzik ez du asmatu gaur, baina oraindik ere, ligako lider izaten jarraitzen dute. Oriori dagokionez, laugarren postuan gehixeago egonkortu dira, eta bihar ere Ohorezko txandan egingo dute arraunean.
Zarautz lehen txandan aritu da, eta saiatu badira ere, azkena sailkatu da Enbata Ares, Tiran eta Lekittarrarekin lehiatu ondoren. Hasieratik segunduak galduz joan da Enbata, kronometroan 6 segundu inguru atzetik jarri den arte.
Ondoren tartea egonkortzea lortu badu ere, ezin izan du Ares eta Lekittarrarekin lehiatu, eta txandako hirugarren eta laugarren postuak jokatu ditu Tiranekin batera. Momenturen batean edo bestean galiziarren aurretik jartzea lortu badute ere, azken sailkatu dira beraien txandan, 21:33:78ko denbora eginda.
Ligako sailkapen orokorrari dagokionez, azken postuan dago Zarautz 18 punturekin, eta bost puntura du hurrengoa, Tiran.
Sailkapena:
Hondarribia: 20:25,96
Orio: 20:35,50
Donostiarra: 20:40,16
Santurtzi: 20:46,44
Cabo: 20:50,50
Bermeo-Urdaibai: 20:53,70
Ondarroa: 21:09,14
Ares: 21:13,02
Lekittarra: 21:14,50
Tiran: 21:31,60
Zarautz: 21:33,22