Itsas baldintza onekin egin da Zarautz-Mollarri-Zarautz zeharkaldia

Iñigo Gaiton 2021eko uztailaren 24a

5.000 metroko itsas zeharkaldia egin dute 180 igerilarik gaur goizean Zarautzen, eta eskualdeko hiru igerilarik sailkapen orokorreko hamar onenen artean sartzea lortu dute. Gizonezkoetan Pol Gil gailendu da 01:02:23 denborarekin, eta emakumezkoetan Candela Sanchez izan da irabazlea, helmugan 01:09:55 denbora egin eta gero.

Zarautz Balea Igeriketa elkarteak ezohiko bi itsas zeharkaldi antolatu ditu asteburu honetarako, Getaria-Zarautz probaren ordez. Gaur goizean jokatu da bietan lehena 09:00etatik aurrera, eta 180 igerilari inguru juntatu dira proban. Parte hartzaileak Duke-Enearen paretik atera dira, eta uretara sartutakoan ekialdera jo dute, Moilarri aldera.

5.000 metroko zeharkaldia egin dute igerilariek, eta ordubeteko lanaren ostean, Pol Gil izan da helmuga zeharkatzen lehena, 01:02:23 denborarekin. Eskualdeko bi parte hartzailek hamar onenen artean sailkatzea lortu dute: seigarren postuan helmugaratu da Pablo Etxeberria azpeitiarra (01:10:40), zortzigarrenean Jon Ulazia (01:10:50) eta bederatzigarrenean Iñigo Eizagirre (01:12:15).

Zarauztarren artean Iñigo Eizagirrek lortu du markarik onena, 01:12:15 denbora eginda.

Emakumezkoetan Candela Sanchez izan da irabazlea, 01:09:55 denborarekin. Nesken artean ez da zarauztarrik izan.

Bihar, ordu berean egingo da asteburuko bigarren zeharkaldia: Zarautz-Ubiri-Zarautz. Igerilariek 3.000 metroko lana egin beharko dute, Getaria alderako joan-etorrian. Antolakuntzak 1.000tik gora dortsal izendatu ditu biharko zeharkaldirako.

Gaurko emaitzak:

Gizonezkoak
1. Pol Gil 01:02:23
2. Manuel Lires 01:04:44
3. Adnan Mustafic 01:05:40
-------
9. Iñigo Eizagirre (Zarautz) 01:12:15

Emakumezkoak
1. Candela Sanchez 01:09:55
2. Laura Rodriguez 01:10:05
3. Itxaso Alonso 01:10:47

Sailkapen orokorra ikusteko, egin klik hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide