Orio eta Badok 13 fin ibili dira Euskadiko Traineru Txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2021eko uztailaren 21a

Zarauzko Badok 13 taldeak irabazi du estropada beteranoetan. Orioko neskek bigarren egin dute, eta Orioko mutilek, aldiz, hirugarren. Zumaiako nesken ontziak ezin izan du parte hartu, koronabirus kasu bat dela-eta.

Lekeitioko uretan jokatu dute gaur Euskadiko Traineru Txapelketa. Beteranoak izan dira uretaratzen lehenengoak, eta zortzi ontzi aritu dira nor baino nor: Iberia, Mundaka, Sestao, Zumaia, Zarauzko Badok 13 taldea, Bilbo Tigre, Fortuna eta Plentzia.

Bigarren txandan egin du arraunean Badok 13k, lehenengo kaletik. Orain dela bi urte egin modura, Zarauzko taldea nagusitu da beteranoen gaurko estropadan: 10:49.24 denbora eginda, 10 segundoko aldea atera dio bigarren azkarrenari, Fortunari. Hala, beteranoen Ikurrina eskuratu dute berriz Badok 13ko kideek. Zumaiak, aldiz, lehenengo txandan jokatu du, eta 11:39.15 denborarekin, zazpigarren izan da sailkapen orokorrean.

Emakumezkoak lehiatu dira beteranoen ostean. Donostiarra, Hondarribia eta Tolosaldea aritu dira lehenengo txandan, eta Deustu, Arraun Lagunak, Ondarroa eta Orio, aldiz, bigarrenean. Bigarren kaletik joan dira oriotarrak.

Donostiarrako neskak nagusitu dira aurreneko txandan (10:55.26), baina are denbora hobeak egin dituzte bigarren txandan Arraun Lagunakek (10:38.20) eta Oriok (10:49.47). Arraun Lagunakek irabazi du, beraz, aurtengo Ikurrina. Orio bigarren sailkatu da 11.27ko aldearekin, eta Donostiarra, berriz, hirugarren 17.06ko aldearekin.

Zumaiako neskek ezin izan dute Euskadiko txapelketan parte hartu, Lekeition zeudela jakin baitute positibo eman duela taldekideetako batek.

Gizonezkoek egin dute arraunean azkenik, bi txandatan bereizita haiek ere: Bermeo Urdaibaik, Ondarroak, Oriok eta San Pedrok jokatu dute lehenengo, eta Hondarribiak, Santurtzik, Donostiarrak eta Zierbenak gero.

Zozketan hirugarren kalea egokitu zaie oriotarrei, eta helmugaratzen azkarrenak izan dira lehenengo txandan. 19:54.92 denbora egin dute. Bigarren txandan, baina, Oriok baino denbora hobea egitea lortu dute Hondarribiak (19:46.83) nahiz Donostiarrak (19:53.59). Hala, Hondarribiak irabazi du 36. edizioko Ikurrina; bigarren postuan sailkatu da Donostiarra, eta alde oso txikiarekin, hirugarren izan da Orio.

Sailkapena beteranoetan

  1. Badok 13 (10:49.24)
  2. Fortuna (10:59.88)
  3. Iberia (11:01.36)
  4. Mundaka (11:04.68)
  5. Plentzia (11:06.80)
  6. Bilbo (11:09.95)
  7. Zumaia (11:39.15)
  8. Sestao (12:47.88)

Sailkapena emakumezkoetan

  1. Arraun Lagunak (10:38,20)
  2. Orio (10:49.47)
  3. Donostiarra (10:55.26)
  4. Deustu-Bilbo (10:58.50)
  5. Hondarribia (10:58.79)
  6. Tolosaldea (11:08.73)
  7. Ondarroa (11:10.29)

Sailkapena gizonezkoetan

  1. Hondarribia (19:46.83)
  2. Donostiarra (19:53.59)
  3. Orio (19:54.92)
  4. Santurtzi (19:58.21)
  5. Bermeo Urdaibai (20:02.86)
  6. Ondarroa (20:04.96)
  7. Zierbena (20:08.79)
  8. San Pedro (20:26.20)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide