Atzo etxean egindako estropada bikainaren fruitu, ohorezko txandan atera dira gaur Orio-Orialkiko mutilak Getxoko uretan, eta atzoko indar erakustaldia errepikatu dute gaur, emozioz betetako estropadan. Oriok lan bikaina egin badu ere, ahozapore gazi-gozoa geratu zaie, segundo bakarreko aldearekin irabazi baitu Zierbenak.
Ohorezko txandan, lehen luzean Hondarribiak errenta atera die gainontzeko ontziei, eta pareko ibili dira Orio, Urdaibai eta Santurtzi. Lehen ziabogatik ateratzean, ordea, Hondarribiaren pare-parean jarri dira oriotarrak, segundo beraren barruan, eta hala egin dute bigarren luzea. Hirugarren luzean bi segundoko aldea atera dio Oriok Hondarribiari, eta azken ziabogaren ondoren, alde hori handitzea lortu dute oriotarrek. Laugarren luzean nagusi izan da Orio, Hondarribiari nahikoa errenta aterata, baina bigarren txandan Zierbenak egindako denbora oriotarrek egin dutena baino hobea izan denez, bizkaitarrentzat izan da bandera.
Joritz Etxeberria Orioko arraunlariak ETBko kazetariei azaldu die gustura geratu direla estropadarekin, baina pena ematen diela saririk gabe etxeratu beharrak. "Lehengo asteburuan pixka bat erakutsi genuen gure burua, eta aste honetan frogatu dugu onenen pare ibiltzeko ahalmena badugula", esan du.
Zarautzek atzoko ahozapore garratza apur bat gozotu ahal izan du gaur. Lehen txandan atera da Enbata Aitzol Garro gaztea patroi zela. Hirugarren azkarrenak izan dira beren txandan, eta hamargarren geratu dira sailkapen orokorrean. 20:35.94ko denborarekin, Lekittarrak eta Tiranek baino denbora hobea egin du gaur Zarautz-Gesalaga-Okelanek. Horrek puntu baliotsuak berreskuratzeko aukera eman dio Zarautzi, eta oraindik borrokatzeko asko badute ere, ligan azkenaurrekoarekiko duten aldea apur bat txikitu da gaur. Hemen dago ikusgai Beñat Eizagirre arraunlari zarauztarrak estropada amaitzean egin duen balorazioa:
🎙Beñat Eizagirre (@zarautzarraun) #EuskoLabelLiga pic.twitter.com/rWFJ9Wr42u
— Eusko Label Liga (@actraineras_eus) July 18, 2021
Gaurko sailkapena
Zierbena 19:58.20
Orio 19:59.70
Hondarribia 20:05.30
Santurtzi 20:08.38
Donostiarra 20:12.12
Bermeo Urdaibai 20:16.08
Ondarroa 20:16.54
Ares 20:28.24
Cabo 20:28.46
Zarautz 20:35.94
Lekittarra 20:36.86
Tiran 20:48.28
Gaur Orioko arraunlariak arantzatxoarekin etxeratuko badira ere, orain arteko astebururik sendoena egin dute, eta ligara begira puntu garrantzitsuak eskuratu dituzte. Horrela dago une honetan Eusko Label ligako sailkapena:
1 Santurtzi 63
2 Hondarribia 56
3 Zierbena 54
4 Orio 49
5 Donostiarra 47
6 Bermeo Urdaibai 44
7 Ondarroa 35
8 Cabo da Cruz 32
9 Lekittarra 27
10 Ares 25
11 Tiran 20
12 Zarautz 16