Itsasoak kalte egin die gaur oriotarrei eta zarauztarrei Eusko Label ligan

Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 11

Zierbenan itsaso nahasia eta haize zakarra izan dituzte bigarren eta hirugarren txandakoek, eta horrek mesede egin die lehen txandakoei. Zarautzek hamargarren eta Oriok hamaikagarren amaitu dituzte estropadak, eta biek egin dute behera sailkapen orokorrean.

38. Petronor Bandera jokatu dute gaur eguerdian Zierbenan Eusko Label ligako taldeek. Itsasoa asko nahastu da aurreneko txandaren ondoren, haizea zakartu egin da, eta eragina izan du taldeen denboretan. Aurreneko txandakoei egin die mesede, eta kalte gainerakoei, batez ere Oriori. Ohorezko txandan aritzeko aukera galdu du, baita puntu batzuk ere, sailkapen orokorrean goian daudenekiko. Zarautzek ere puntuak eta postuak galdu ditu, aurreneko txandan aritu den arren, bere aurkari zuzenei egin dielako sekulako mesedea gaurko estropadak.

Ondarru eta Hondarribiaren artean egon da lehia estropadaren zati handienean, aurreneko eta hirugarreneko txandetan jokatu duten ontzien artean. Estropadaren azken zatian, ordea, Santurtzik hartu dio aurrea Hondarribiari, eta azken horren eta Ondarruren artean sortu da lehia. Aurreneko txandan lehiatu den Ondarruk altxa du bandera, ordea, azkenean.

Ohorezko txandan lehiatu da Orio-Orialki, baina asko sufritu arren, ezin izan dute emaitza onik eskuratu, eta azken postuan amaitu dute txanda. 11. postuarekin konformatu behar izan dute gaurkoan, eta sailkapen nagusian behera egin dute, laugarrenetik seigarrenera.

Zarautz ere kaltetuta

Aurreneko kaletik atera da Zarautz lehenengo txandan, eta Ondarroa, Tiran eta Lekittarrarekin neurtu ditu indarrak gaur ere. Puntu garrantzitsuak zituen jokoan bere aurkari zuzenekin. Izan ere, atzo sailkapen orokorrean 11. tokian gelditu zen Enbata, 9 punturekin, Lekittarrarekin berdinduta (10. postuan hura) eta Tiran baino puntu bat gehiagorekin (Tiran azken postuan, 12. postuan).

Gaurkoan azkar gelditu da atzean, eta estropada osoan borroka egin duten arren arraunlariek, segundo asko galduz egin du lanik gehiena Zarautz-Gesalaga-Okelanek. 21:01,84 denborarekin, txandako azkena helmugaratu da, Ondarroatik 29 segundora.

Gainera, bigarren txandakoak atera direnerako itsasoaren baldintzak okertu egin dira, eta horrek eragin nabarmena izan du gaurko emaitzetan eta sailkapen orokorrean. Aurreneko txandakoei bentaja eman die itsasoak, eta zarauztarren aurkari zuzenei ere on egin die: Lekitarra izan da bigarren estropadan, eta Tiranek bosgarren postua eskuratu du. Ondarroak lortu du garaipena.

Zarautz hamargarren izan da gaurko estropadan, Orioren eta Aresen aurretik, baina hala ere, atzera egin du sailkapen orokorrean. Izan ere, sailkapen nagusian ere lurrikara eragin du gaurko estropadak, eta Zarautz azken postuan gelditu da, Tiranetik lau puntutara.

GAURKO SAILKAPENA

1. Ondarroa 20:32,20
2. Lekittarra 20:39,66
3. Santurtzi 20:41,66
4. Hondarribi 20:45,42
5. Tiran 20:46,86
6. Cabo 20:52,00
7. Donostiarra 20:54,40
8. Bermeo 20:58,32
9. Zierbena 21:01,66
10. Zarautz 21:01,84
11. Orio 21:05,70
12. Ares 21:24,66

SAILKAPEN OROKORRA

1. Santurtzi 42 puntu
2. Hondarribi 36 puntu
3. Zierbena 35 puntu
4. Donostiarra 31 puntu
5. Urdaibai 28 puntu
6. Orio-Orialki 27 puntu
7. Ondarroa 25 puntu
8. Cabo 22 puntu
9. Lekittarra 20 puntu
10. Ares 18 puntu
11. Tiran 16 puntu
12. Zarautz 12 puntu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide