Txanponaren bi aldeak

Amaia Urbieta Arruti 2021eko uztailaren 10a

Gaurko Eusko Label ligako estropadan, ohorezko mailarako txartela eskuratu du Orio-Orialkik. Zarautz-Gesalaga-Okelan, berriz, azken postuan sailkatu da. Zierbenarentzat izan da gaurko bandera.

Donostian izan dute estropada gaur Eusko Label ligako arraunlariek. Tartean izan dira Orioko eta Zarauzko traineruak, eta esan daiteke gaurkoan arraunaren alde gozoa dastatu duela batak, eta garratza besteak. Izan ere, ohorezko mailarako txartela lortuta, markatuta zuten helburua lortu dute oriotarrek. Zarauztarrak, aldiz, azkenak izan dira beren txandan eta sailkapen orokorrean. 

Bigarren txandan, laugarren kaletik atera dira Orio-Orialkiko arraunlariak gaurko Donostiako estropadan. Lehen luzean hautsi dute txanda Hondarribiak eta Oriok, Ondarroa eta Ares atzean utzita. Dena den, oriotarren aurretik ibili dira Hondarribikoak estropada osoan. Lan dotorea egin du Hondarribiak, eta Mirotzek ezin izan dituzte bost segundo baino gutxiagora estutu. Hala ere, oso estropada erregularra egin du Orio-Orialkik. Azkenean, Hondarribiagandik bost segundora helmugaratu dira oriotarrak, eta 29 eta 34 segundora bukatu dituzte lanak Aresek eta Ondarroak, hurrenez hurren.

Hirugarren txandan atera da Enbata, lehen kaletik. Hasieratik 0. kalerantz jo dute zarauztarrek, eta lehen luzean eustea lortu badute ere, bigarrenerako asko ari ziren sufritzen. Lehen postuan zihoan Cabo da Cruzgandik 16 segundora eman dute bigarren ziaboga. Hirugarren luzean aldea are gehiago handitu da, eta azken ziabogan 26 segundoko aldea atera diete zarauztarrei galiziarrek. Azkenean, 21:00.16 denboran amaitu dute estropada. Estropadako sailkapen orokorrean azkenak izan dira gaurkoan zarauztarrak.

Zierbenan izango da Eusko Label ligako hurrengo jardunaldia, bihar goizean.

Hauek izan dira gaurko denborak:

1. Zierbena 19:50.94
2. Hondarribia 19:53.38
3. Santurtzi 19:56.24
4. Orio 19:58.50
5. Donostiarra 20:00.74
6. Bermeo Urdaibai 20:12.58
7. Cabo 20:16.72
8. Ares 20:22.82
9. Ondarroa 20:27.48
10. Tiran 20:33.96
11. Lekittarra 20:46.94
12. Zarautz 21:00.16

Gaurko estropadaren ondoren, horrela geratu da Eusko Label ligako sailkapena:

1. Sotera Santurtzi 32 puntu
2. Arraun Zierbena 31 puntu
3. Hondarribia 27 puntu
4. Orio-Orialki 25 puntu
5. Donostiarra 25 puntu
6. Bermeo Urdaibai 23 puntu
7. Ares 17 puntu
8. Cabo 15 puntu
9. Ondarroa 13 puntu
10. Lekittarra 9 puntu
11. Zarautz 9 puntu
12. Tiran 8 puntu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide