Kirol kutuna da arrauna eskualdeko kostaldeko herritarrentzat. Ez da gutxiagorako, bertako hiru traineru ari baitira punta-puntako txapelketetan lehian. Hain zuzen, bihar jokatuko dira gizonezkoen Eusko Label eta emakumezkoen Euskotren ligetako denboraldiko lehen estropadak, A Coruñan (Galizia). Uretan izango dira Orio Arraunketa Elkarteko bi traineru nagusiak, gizonena zein emakumeena; eta Zarautz-Gesalaga-Okelanen gizonen traineru nagusia.
Hilabete luzez prestaketa lanetan jardun ostean, heldu zaie lehiarako garaia hiru traineruei, eta denek kirioak dantzan badituzte ere, txapelketa gosez daude. Asier Puertas da Enbata traineruaren entrenatzaile berria. Negua beraientzat «gogorra» izan dela adierazi du, pandemiak eragindako trabez gain, taldekide batek istripu larria izan baitzuen duela hilabete batzuk. Jakinarazi du pixkanaka hobetzen doala haren egoera, eta horrek motibazio gehigarria ematen diela gainontezko arraunlariei. Mutilak «langileak» direla azaldu du Zarauzko entrenatzaileak, eta «arraunean gauzak ongi egiteko gogoa» dutela. Gustura dago oriotarra, beraz, egokitu zaion taldearekin.
Intentzioak intentzio, liga «gogorra» izango dela uste du Puertasek. «Badakigu zeinen aurka egin beharko dugun, oilar artean ibiliko gara», dio. Iaz mailaz ez jaistea lortu zuten, eta aurten ere hori izango dute xede, ahal bada, play off-a jokatu beharrik gabe. «Lehiak jarriko gaitu gure lekuan, baina azken txandatik baino gertuago egon nahiko genuke bigarrenetik», esan du entrenatzaileak.
Zarauzkoen helburuekin alderatuta desberdinak dira Oriokoenak, baina «aurkari oso gogorrak» izango dituztela ondo daki Jon Salsamendi gizonezkoen Orio Orialki traineruko entrenatzaileak ere. Negua 30-31 arraunlarirekin egin dutela azaldu du Salsamendik, eta uste du hori kopuru baxuegia dela udan bi traineru lehiakor eduki ahal izateko. Izan ere, KAE 1 ligan dihardu Orio Orialkiren B traineruak. Dena den, ohorezko txandan tokia izateko xedearekin aterako dira lehiara Oriokoak . «Ligako zerrendari erreparatuta zaila da aurreneko lau postuetan nortzuk ibiliko diren asmatzea. Iazko erreferentziak kontuan izanik, nor eroriko da? Horrela esanda, helburuak soila dirudi, baina ez da horrela. Segundo bakoitza postu bat da, eta edozein akats garesti ordainduko da», adierazi du entrenatzaile oriotarrak.
Iazko langa altua
Orioko elkarteak iaz lortu zituen bandera gehienak emakumezkoen traineru nagusiak etxeratutakoak izan ziren. Estropada askotan nagusitasun handia erakutsita, denboraldi borobila egin zuten. Dena den, iazko garaipenen aparrak jaitsita, oinak lurrean ditu taldeak Itxaso Azkonobieta estropalariaren hitzetan, galtzen ere ondo ikasitakoak baitira Oriokoak: «Atzeko postuetan urteak egin genituen, eta uste dut heldutasun maila handia duela taldeak, aurten iaz baino gazteagoa izango den arren».
Traineruaren bizkarrezurra mantendu dute, baina hainbat aldaketa ere etorri dira Orioko taldera. Taldekide berriak «ondo egokitu» direla uste du Azkonobietak, «neguan egindako lanari esker». Izan ere, neguko entrenamenduetan «arraunketa ona» izatera iritsi direla uste du arraunlariak, eta adierazi du azken asteetan «horri erritmoa» sartzen jardun direla.
2020ko denboraldiko markak haustea erronka zaila izango da Orioko emakumeentzat, baina ziur aurkariei ez dietela bide samurrik utziko, eta estropada bakoitza gogoz borrokatuko dutela.