Martxan dira Orokieta ikastetxeko patioko birmoldaketa lanak

Aritz Mutiozabal 2021eko ekainaren 28a

Patioaren zati bat estaliko dute, eta zenbait berdegune egokituko dituzte. Aurtengo aurrekontuetako partidarik handiena bideratu du udalak Orokietan lan horiek egiteko.

Hasi dituzte obrak Orokieta Herri Eskolako patioan, bi helburu nagusirekin. Alde batetik, patioaren zati bat estaliko dute, eta ikastetxeko eraikin nagusia eta frontoia lotuko dituzte modu horretan. Lanak amaitzean, beraz, estalitako gune bat izango dute ikasleek. Bestetik, gaur-gaurkoz asfaltatuta dauden zenbait gune kendu eta berdeguneak egokituko dituzte. Haurrentzako parke berri bat ere jarriko dute Orokietan, eta hango ikasleak ez direnek ere erabili ahal izango dute eskolaz kanpoko ordutegietan.

K1 EKOPASAIA SL enpresak 281.077,36 euroko (BEZ) aurrekontua izango du lan horiek egiteko, eta udalak jakinarazi duenez, 2021eko aurrekontuetako partidarik handiena bideratu du horretarako. "Birmoldaketa lan horiek oso garrantzitsuak dira eskolarentzat eta Zarauzko herriarentzat orokorrean", adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide