Lizardi Kirol Aretoan egingo diren bost kontzertuak aurkeztu ditu Zarauzko Udalak

Iñigo Gaiton 2021eko ekainaren 24a

Udako kultur programaren berri eman du gaur arratsaldean udalak, Lizardi Kirol Aretoan egindako aurkezpenean. Izaro, Belako eta Seguridad Social musika taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da, besteak beste.

Datozen bi hilabeteetako kultur programa aurkeztu du Zarauzko Udalak arratsaldean. Xabier Txurruka alkateak eta Ixidor Larrañaga Jaiak eta Ekitaldiak, Turismoa, eta Merkataritza eta Ostalaritza zinegotziak agerraldia egin dute, antolatu dituzten hainbat ekimenen gaineko datak eta informazioa emateko.

Lizardi Kirol Aretoan bost kontzertu egingo dituzte uztailean eta abuztuan zehar. Kirol instalakuntza berria "musika areto" bihurtuko dela adierazi du alkateak, udaro malekoian egiten ziren kontzertuak hara lekualdatzea erabaki eta gero.

Zarauzko Udalak kulturaren, musikaren eta musikarien aldeko "apustu irmoa" egin du aurten ere, Txurrukaren esanetan. Azpimarratu duenez, kontzertuetan 300 lagunentzako tokia egongo da, eta uneoro indarrean dauden neurri murriztaileetara egokitzen joateko beharra nabarmendu du.

Hauek dira alkateak aurkeztu dituen emanaldiak: Izaro (uztailak 23), Julen Alonsoren Sutan dantzan ikuskizuna (uztailak 30), Belako (abuztuak 6), Seguridad Social (abuztuak 13) eta En Tol Sarmiento (abuztuak 20).

Kontzertu guztiak ostiraletan egingo dira, 22:00etatik aurrera. Sarrerek 10 euroko prezioa izango dute, eta hitzorduaren aurreko larunbatean jarriko dituzte salgai Modelo aretoko txarteldegian, 09:00etatik 12:00etara bitartean. Tarte horretan saltzen ez diren txartelak Internet bidez erosteko aukera izango da, igandetik astelehenera bitarteko gauerditik aurrera.

Antzerkia, estropadak, bisita gidatuak
Kontzertuez gain, bestelako jarduerez gozatzeko aukera ere izango da Zarautzen uda denboraldian zehar. Larrañaga zinegotziak azaldu du "proposamen gehiago" dituztela eskuartean, eta aurrerago emango dutela horien berri.

Zinegotziak aletu dituen kultur jardueren artean daude, besteak beste, Kalerki antzerki jaialdia (ekainaren 29tik uztailaren 4ra), Antzerkia Familian programako zazpi ikuskizunak (uztailak 8, 15, 22, 29 eta abuztuak 5, 19, 26), bertso musikatuen eta bertsolarien saioak (uztailak 9 eta 10, hurrenez hurren), Adarretatik musika jaialdia (uztailaren 16tik 18ra), Zarauzko Udako Musikaldiaren baitan parrokian egingo diren lau kontzertuak, eta Los Chamacos (abuztuak 14) eta Egan (abuztuak 15) taldeen kontzertuak.

Larrañagak gogora ekarri du, urtero bezala, Zarauzko estropadez (abuztuak 14 eta 15), Bi Harri Txapelketaz (abuztuak 1), bisita gidatuez eta Nekazaritza Biologikoaren Azokaz (abuztuak 20) gozatzeko aukera ere izango dutela herritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide