Alferrikako pezetak, elkartasun olatu

Ihintza Elustondo 2021eko ekainaren 18a

Hotz Zarautz elkarteko kideak pezetak biltzen ari dira, horiek euro bilakatu eta iheslariei laguntzera bideratzeko. Ekainaren 24ra arte jasoko dituzte txanponak, Zarauzko Zabalegi dendan. 152.000 pezeta bildu dituzte jada, 914 euro. 'Gipuzkoako Hitza'-rako egindako erreportajea da honako hau.

Dagoeneko ezer gutxirako balio dute itsulapiko zaharretan gordetako pezetek, bata bestearen gainean pilatutako txanpon zaharrek. Badira urte batzuk euroa indarrean sartu zela, eta ordutik egon da aukera pezeta horiek euro bilakatzeko. Dena dela, amaitzear da txanpon horiek euroengatik aldatzeko epea: hain zuzen ere, ekainaren 30a izango da horretarako azken eguna. Horren aurrean, ideia bat izan dute Zarautzen errotuta dagoen Hotz Zarautz elkarteko kideek: pezetak biltzen ari dira, txanpon horiek elkartasun olatu bilakatzeko.

Iheslariei eta beharra dutenei laguntzeko lan egiten dute elkarte horretako kideek, eta, helburu horri tiraka, askotariko egitasmoak sustatu ohi dituzte. Bide horretan, beste urrats bat izango da pezeta zaharrei etekina ateratzea. “Jendeak etxean alferrik dituen pezetak biltzen ari gara, ondoren horiek euro bilakatu eta errefuxiatuei laguntzera bideratzeko”, azaldu du Marije Izeta Hotz Zarautzeko kideak.

Iazko Gabonetan jarri zuten proiektuaren lehen ernamuina. Eguberrietan bigarren eskuko denda zabaldu ohi dute Hotz Zarautz elkarteko kideek, baina iaz ezin izan zuten nahi bezala egituratu saltoki hori: “Izurria dela eta, ezin izan genituen salgai jarri bigarren eskuko arropak, haiek saldu aurretik beharrezkoa zelako denak tindategitik pasatzea”. Egoera horren aurrean, Donostiako denda batek utzitako berokiak saldu zituzten, baina beste zerbait egitea ere bururatu zitzaien: “Elkarteko kide bati bururatu zitzaion dendan kutxatxo bat jartzea pezetak dohaintzan emateko”.

Gabonetako denda hark itxi zituen ateak, baina egitasmo hari jarraipena ematea erabaki zuen elkarteak. “Nire lagun batek denda bat dauka Zarautzen, eta galdetu nion ea bere dendan bil genitzakeen pezetak. Berehala eman zidan baiezkoa”, esan du Izetak. Egun, Hotz Zarautzen egitasmoarekin bat egin nahi dutenek Zabalegi dendara eraman ditzakete txanponak; Kale Nagusiko 18. zenbakian dago saltokia.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide