Zarauzko ekosistemak oinarri hartuta, lehiaketak antolatu ditu Ingurumen Sailak

Aritz Mutiozabal 2021eko maiatzaren 29a

Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, marrazki, bideo eta argazki lehiaketak antolatu dituzte. Lanak aurkezteko epea ekainaren 13a izango da.

Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta aurten Ekosistemak lehengoratzea leloa zabaldu nahi dute mundu zabalera. Horren harira, Zarauzko Udalaren Ingurumen Departamentuak ekimenak antolatu ditu herriko ekosistema oparoetan arreta berezia jarrita. "Ekosistemak bizitzaren oinarrizko unitateak dira, eta gainean daukagun klima larrialdiari aurre egiteko funtsezkoa da biodibertsitatea mantentzea. Horrek esan nahi du ekosistemak zaindu behar direla. Zarautz herri aberatsa da ekosistema ezberdinetan: basoak dauzkagu, larreak, hezeguneak, dunak, itsasoa... Horiek guztiek gure Eraztun Berde Urdina osatzen dute", adierazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.

Adin guztietako herritarrentzako jarduerak prestatu dituzte data gogoangarria ospatzeko asmoz. Alde batetik, marrazki lehiaketa antolatu dute 6-10 urte bitartekoentzat, eta, bestetik, bideo eta argazki lehiaketa 10 urtetik gorakoentzat; azken atal hau bi mailatan banatu dago, 10-16 artekoentzat eta 16 urtetik gorakoentzat. "Helburua da naturan dauden balioak adieraztea, eta naturarekiko daukagun harreman pasioa islatzea. Baita naturak gizakiarentzat duen garrantzia azpimarratzea ere", arrazoitu du Ingurumen zinegotziak.

Lanak formatu digitalean aurkeztu behar dira, eta posta elektronikoz helarazi zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera. Lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago, eta ekainaren 13an bukatuko da epe hori. Irabazleak hegaztien behaketarako prismatikoak jasoko ditu sari gisa.

Bestalde, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean bertan, ekainaren 5ean, Eraztun Berde Urdinari buruzko informazio gune bat jarriko dute Lege Zaharren enparantzan, 11:00etaik 14:00etarra eta 16:00etatik 20.00etara. Era berean, Vazquezek Eraztun Berde Urdinari ekarpenak egitera animatu nahi ditu herritarrak, horretarako eraztunberdeurdina.eus atarian prestatu duten inkestan parte hartzera gonbidatuz. Parte hartzaileen artean beste bi prismatiko zozkatuko dituztela jakitera eman du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide