Ametsa surfeatzeko prest

Aritz Mutiozabal 2021eko maiatzaren 27a

Nadia Erostarbe surflaria. (Alex Postigo)

Nadia Erostarbe: «Sailkatzeko aukerak ditudan sentipenarekin noa»

Gogotsu dago Nadia Erostarbe (Zarautz, 2000) eta irrikaz heldu nahi dio Munduko Surf Txapelketari. El Salvadorreko kostaldea gustukoa du, eta emakumezkoetan jokoan dauden zazpi txartel horietako bat bereganatzen saiatuko da.

Aurreko astean Caparicako Surf Txapelketan aritu zara lehian, Portugalen.  Munduko Txapelketarako prestaketa bezala ongi etorri al zaizu?
Bai, dudarik gabe. Azkenean, Portugalgo txapelketan horregatik hartu dut parte, lehiaketetako erritmo hori berriro ere hartzeko. Izan ere, ia urtebete egon gara lehiatu gabe. Portugalen nahi baino lehenago kanporatu baldin baninduten ere, behintzat pare bat txanda jokatu ahal izan nituen eta ongi etorri zaizkit Munduko Txapelketako prestaketarako.

Ez da berdin entrenamendu bat egitea edo aurkari izango dituzun horiekin indarrak neurtzea, ezta?
Ez da berdina, inolaz ere ez. Gainera, txapelketa batean izaten dituzun urduritasunak ez dituzu edukitzen entrenamendu batean, ezta txapelketa baten simulazio batean ere. Urduritasun horiek lehian zaudenean bakarrik izaten dituzu. Niri behintzat hori gertatzen zait: ez dut lotzen urduritasuna txapelketa ez den beste zerbaitekin. Eta Portugalgoa izan da, nolabait esateko,  Munduko Txapelketara begira berotzeko hitzordu bat.

Eta nola sentitu zara?
Pena izan zen Portugalgo txapelketako bigarren txanda hura ez gainditzea, baina nik uste dut ongi surfeatu nuela. Gustura geratu nintzen egindako saioarekin, baina, esan bezala, penarekin agurtzen duzu txapelketa; agian, bukaeran olatuak hobeto aukeratu izan banitu, aurrera egiteko aukerak izan nitzakeelako. Dena dela, ez zen olatu askorik sartu, eta zorte kontua ere izan zen.

Orain,  hurrengo hitzordua El Salvadorren izango da.
Gogotsu nago hara iristeko, berora, eta hango olatuak surfeatzera. Portugalen olatu txikiak eduki genituen eta han handiak daude. Gogo biziak ditut berriro ere olatu indartsuak surfeatzeko.

Hobeto moldatzen zara olatu indartsuagoetan, beraz.
Baietz esango nuke. Nire dohaina hori dela. Ez diet beldurrik olatuei, eta itsaso handia egonda ere ederki moldatzen naiz. Beharbada, beste surflari batzuk beldurtu egiten dira, eta ez diote horrenbesteko ziurtasunez ekiten gune kritikoetan, baina nik ez dut erreparorik horretan. Eroen pare joaten naiz! 

Badirudi ondo datorkizun kostaldea dela.
Hala da, bai. Gainera, azken egun hauetan itsasaldi asko egon dira, eta ea horrela jarraitzen duen. Nik uste dut Munduko Txapelketarako itsasoa nahiko polita egongo dela.
Txapelketa bertan jokatzea zuretzako abantaila izan daitekeela esango zenuke?
Nik uste dut hala izan daitekeela. Iaz iragarri zutenean El Salvadorren jokatuko zela oso pozik jarri nintzen, benetan gogotsu. Azkenean, olatu potenteak dira, baina, aldi berean, olatu onak. Ez da hondartza batean bezala, itsaso zakarra dagoenean dena nahasia dagoena. El Salvadorren ia bermatuta izango ditugu olatu onak une oro.

Espainiako Federazioarekin aritu zarete ingurua ezagutzen, eta tokira egiten. Baina aurrez ezagutzen al zenuen?
Ez, nire lehen egonaldia izan da duela hilabetekoa. Emakumezkoen txapelketa bat jokatu zen han bertan, baina ni oraindik oso gaztea nintzenez, ez nintzen joan. Nolanahi ere, nire lehen aldia izateko oso sentsazio onak izan nituen, eta itzultzeko irrikaz nago.

Olinpiar Jokoetarako zazpi txartel banatuko dituzte. Nola ikusten duzu zure burua?
Txartela lortzeko aukerak baditudala uste dut. Ez da erraza izango, eta txapelketa ona jokatu beharko dut sailkatzeko. Baina aukerak ditudan sentipen horrekin noa, eta gogo handiarekin lehen postuetan bukatzeko.

Txartel horietako bat lortzeko faboritoetako bat al zara?
Espero dut baietz. Ez dakit faboritoen zerrendarik dagoen, eta zerrendarik balego eta bertan ez banago ere berdin-berdin borrokatuko dut postu bat lortzeko.

Zer izango litzateke zuretzat Jokoetarako sailkatzea?
Amets bat izango litzateke, eta helburu bat lortzea. 2016an iragarri zutenean surfa kirol olinpikoa bihurtuko zela, nik oso urruti ikusten nuen. Ez nuen lor nezakeen aukera bat moduan ikusten. Orain, momentua iritsi den honetan, sailkatu naitekeela ikusten dut, posible dela.

Kontuan izanda lau urtetik behin jokatzen direla, ezinbestean lortu beharreko helburua al da zuretzat?
Momentuan lasai nago, baina badakit txapelketako egunak iristen direnean urduri jarriko naizela. Izan ere, lehiatzen hasteko gogo bizia daukat, eta, jakina, Jokoetara sailkatzekoa. Txartela lortuko ez banu, ez litzateke ezer gertatuko. Ez litzateke munduaren akabera izango. WSL gure zirkuitua dugu, eta txapelketak jokatzen jarraituko nuke.

Baina azken urtea sailkapen horri begira egituratu duzu. Apustu serioa, ezta?
Urte honetako helburu nagusia hori da, zalantzarik gabe, eta sailkatzen ez baldin banaiz, gogorra egingo zait, noski. Urte osoa eman dut horretara begira prestatzen. Nik uste nuen WSLko txapelketarik ez zela jokatuko, eta bakarrik Jokoetarako sailkatzeko proba izango nuela. Hori kontuan  izanda, gogorra egingo litzaidake txartela ez lortzea. Hala eta guztiz ere, ni oso motibatuta noa, eta lortzeko itxaropenarekin.

Zeintzuk izango dira zure aurkari zuzenak?
Zirkuituko onenak bertan izango dira, eta hauek jada sailkatuta dauden arren, aurkari gogorrak izan daitezke. Edozein kanporaketatan bota zaitzakete kalera. Txapelketan posible da hamargarren bukatzea, baina Jokoetako zazpi txartel horietako bat lortzea, sailkapeneko beste surflari batzuk aurretik jada sailkatuta daudelako. Oro har, frantsesak eta portugaldarrak oso indartsu daude, baita  Hego Ameriketako neska asko ere. Elkar ezagutzen dugu, eta badakigu norekin ibili behar dugun adi.

 

Aritz Aranburu surflaria zarauztarra. (Gorkagurdi)

Aritz Aranburu: «Egokiak dira El Salvadorreko olatuak nire surf egiteko moduarentzat»

Aritz Aranburuk (Zarautz, 1985) jakin badaki maila handia egongo dela Munduko Surf Txapelketan, sailkapeneko surflari onenak bertan izango direlako. Gizonezkoetan bost txartel egongo dira jokoan amets olinpikorakoa, eta zarauztarrak ezustea eman nahi du.

El Salvadorrera joan aurretik lehiatzeko aukera askorik ez duzue izan. Portugalgo txapelketak martxa hartzeko garrantzitsuak izan al dira?
Ongi etorri dira martxa hartzeko, baina baita WSLko zirkuitukoa ere, izan ere, geure gauzak jokatzen ari gara. Aurten, egia da txapelketetan baino gure artean aritu garela entrenatzen. Espainiako Federazioaren eskutik badaramatzagu sei bat hilabete hainbat entrenamendu egiten, eta horretan ari gara buru-belarri.

Ezberdina izango da, ordea, lehia eta lagunarteko saio bat, ezta?
Zalantzarik gabe, lehiaketa beti da ezberdina. Kontua da federazioko geldialdietan elkarren artean lehiatzen aritu garela; azkenean hautatzaileek aukeraketa bat egin behar zuten geure artean. Dezenteko borroka egon da zentzu horretan, eta entrenamendu gisa baliatu dugu. Duela hilabete, adibidez, El Salvadorren ibili ginen bi astez entrenatzen, eta oraintsu Portugalen jokatu ditugu bi txapelketa.

Espainiako selekzioak hautaketa egin ahal izateko zuen artean lehian-edo aritu zaretela diozu. Kezkarik izan duzu alde horretatik?
Beno, ez dakit entrenatzaileek zer izan duten zehazki buruan. Ni behintzat oso konfiatuta aritu naiz entrenamendu saioetan. Gustura eta eroso sentitu naiz. Azken erabakia nire esku ez zegoenez, neukan onena ematen ahalegindu naiz aldi guztietan. Behin nire izena eman zutenean lasaitu ederra hartu nuen. Azken finean, talde osoa aritu da itzel; maila aparta zegoen gure artean. Beraz, hasierako helburua selekzioan sartzea zen, eta  behin hori lortuta, aurrera!

Aurrez izan zarete El Salvadorren, Munduko Txapelketa jokatuko den tokian.
Bertan izan ginen entrenatzen: olatu onak izan genituen, eta ongi aprobetxatu genuen egonaldia. Duela urte batzuk egon nintzen behin, baina harrezkero ez nengoen itzulita. Esango nuke ongi datorkidan olatua dela hangoa. Orokorrean, eroso sentitu naiz han surf egin dudanean. Iaz Japonian jarriak nituen itxaropenak baino hobeak ditut oraingoan. Nire ustez El Salvadorreko olatuek indar gehixeago dute, eta nire surf egiteko moduarentzat egokiagoak dira.

Zer emaitza lortu beharko zenuke Olinpiar Jokoetan sailkatzeko, eta nola ikusten duzu zeure burua?
Munduko bost onenen artean bukatu beharko nuke txapelketa hau. Egia esan, emaitza zorrotza da oso, surflari onenak bertan izango direlako, baina bertan lehiatzeko aukera izateak ilusioa egiten dit. Aurretik lorpen onak izan ditut, eta motibatuta nago. Gainera, kirol esklusiboa izango da surfa aurtengo Olinpiar Jokoetan, 20 gizonezkok eta 20 emakumezkok baino ez baitute izango bertan egoteko abagunea. Orain, El Salvadorreko Munduko Txapelketan bost plaza egongo dira jokoan gizonezkoentzat, eta zazpi emakumezkoentzat. Jakina, plaza horien atzetik goaz!

Errealistak izanda, posible al da txartela lortzea?
Nik txartela lortzeko aukerak ikusten ditut, bestela etxean geratuko nintzateke. Hori argi eta garbi!

Zeintzuk izango dira gertutik jarraitu beharreko aurkariak?
Aurkari nagusiak munduko bost onenak izango dira: Gabriel Medina, Italo Ferreira, Jeremy Flores, Kelly Slater, Julian Wilson...  Azken urteetan goiko postuetan dabiltzan horiek ez dute hutsik egingo. Beraiek izango dira faborito nagusiak, baina txapelketetan beti egoten dira ezustekoak.  Erritmo ona hartuz gero eta gauzak nahi bezala ateraz gero,  sorpresa eman dezakezu. Ilusio horrekin ekin nahi diot txapelketari. Nik uste dut on egin zigula bertan egoteak duela hilabete ingurura egokitzeko. Hortik aurrera, jada entrenamenduak eginda daude, eta orain olatu gainean erakutsi behar da.

Jokoetara ez sailkatzea porrota izango al litzateke?
Ez, helburu bat ez lortzea izango litzateke. Porrota? Surflari batentzat garrantzitsua izaten da beti maila ona ematea, kanporaketa pasa ala ez. Surfa ez da beste kirol batzuk bezalakoa, eta gauza asko gerta daitezke lehiatzen ari zaren unean. Orduan, bakoitzak duen guztia ematen baldin badu lehian, ez dut uste porrot bat denik. Jakina, emaitzek lagundu egin behar dizute, eta kasu honetan maila handia egongo da. Gauzak oso ongi eginda ere, ez da erraza izango. Baina horretan saiatuko gara.

Lortuz gero, zer suposatuko luke zuretzat? Kontuan izanda estreinakoz txertatuko dutela surfa Olinpiar Jokoetan.
Bada, pentsa! Ni oso gustura nago orain arte egindako kirol ibilbidearekin: munduko surflari onenen artean aritu naiz, eta hau koska bat gorago igotzea izango litzateke. Jada munduko kirolari onenekin batera egongo nintzateke, eta horrek oso esperientzia polita izan behar du. Bestalde, surfarentzat bide berria da hau, eta surflariok ez gara hazi amets olinpikoarekin. Oso sorpresaz harrapatu gaitu honek guztiak, ez baita gure helburuetako bat izan orain arte. Baina, orain, jada bertan parte hartzeko aukera dugula, sekulako ilusioa egiten dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide