Zapla bertsolari gazteen zirkuituko saioak egingo dituzte Azkoitian eta Zarautzen

Andoni Elduaien 2021eko maiatzaren 19a

Azkoitian Abaraxka aterpetxean izango da saioa ekainaren 6an, eta Zarautzen saio musikatua egingo dute Torreoian. Dagoeneko eskuratu daitezke bertso saiorako sarrerak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen webgunean. Julene Iturbe bertsolari azkoitiarrak eta Aner Peritz zarauztarrak ere parte hartuko dute zirkuituan.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Zapla bertsolari gazteen zirkuitua antolatu du bederatzi bertsolari gazterekin eta horien bertso eskolekin elkarlanean, bertsolari gazteen plazaratzea sustatzeko asmoz. Bertsolari horien artean dira Julene Iturbe azkoitiarra eta Aner Euzkitze zarauztarrak. Iturbek Eskoriatzan –maiatzaren 29an– eta Legazpin –ekainaren 25ean– egingo dituzten saioetan parte hartuko du, eta Euzkitzek Hernanin –ekainaren 12an– eta Legazpin –ekainaren 25ean–.

Bertso zirkuituko bi saioa egingo dituzte eskualdean. Ekainaren 6an Azkoitiko Abaraxka aterpetxean izango da bertso saioa, 18:00etan hasita. Iker Ormazabal, Oihana Arana, Uxue Alkorta eta Miren Amuriza bertsolariak arituko da oholtzaren gainean bertsotan. Ekainaren 18an, berriz, Zarauzko Torreoian izango da bertso saio musikatua, 18:30ean; Asier Ibarguren, Ane Beloki, Oihana Arana eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak arituko dira bertsotan.

"Behin Eskolarteko Txapelketa bukatuta, plazaz plazako jardunera iritsi arteko etapan dauden bertsolari gazteek, sarri norbere bertso eskolak antolatutako saioetan kantatzeko aukera izaten dute, baina hortik kanpoko zirkuituan sartzea kosta egiten da", azaldu du Bertsozale elkarteak. Plazaratze prozesu horretan dauden bederatzi gaztek hainbat bertsolarirekin trukatutako esperientzietatik sortu da Zapla, eta asmoa da gazteek plazan dabiltzan bertsolariekin kantatzeko aukera izatea. 

Guztira hiru formatu desberdinetako sei saio antolatu ditu Bertsozale Elkarteak Eskoriatzan, Azkoitian, Hernanin, Zarautzen, Legazpin eta Beasainen, tokian tokiko bertso eskolekin elkarlanean. Azkoitiko saiorako gonbidapenak eskatu daitezke, hemen, eta Zarauzko saiorakoak, hemen. Gonbidapenak eskatzen dituenak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide