'Hitzordua' eskultura inauguratu dute Getarian, hildako arrantzaleen omenez

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 14a, 15:41

Iñigo Manterola artista oriotarraren Hitzordua eskultura inauguratu dute gaur eguerdian Getarian, Artzapen. Artelan horrekin itsasoan hildako arrantzaleak omendu nahi izan ditu Getariako Udalak eta Manterolak berak. Izan ere, Manterolak aitaren istorioa izan du inspirazio iturri, Zarautzen bizi den eskulturgile eta margolariak aitortu duenez. "Proiektu honen abiapuntua gure aita izan da. Hark itsasoarekin zuen erlazioa aztertu nuen. Aitak itsasoan egiten zuen lan, baina une batean bikoteak eta biek erabaki zuten itsasoa utzi, lehorrera etorri eta Getarian jatetxea irekitzea, eta bi urtez parrilan aritu zen. Itsasoak deitu egiten zion, ordea, eta berriro itzuli egin zen itsasora. Esan dezakegu itsasoarekin hitzordua zuela, eta horrek eman zidan hazia proiektu honi ekiteko".

Azaldu du bere familiaren zati handi batek lotura estua izan duela itsasoarekin eta horregatik, gaia hunkigarria egiten zaiola. "Gure aitaren familiak itsasoarekin lotura handia izan du betidanik. Aita eta osabak arrantzaleak ziren, aitona ere bai, izebak sare josten ibiltzen ziren, eta gure birraitonak baleak harrapatzen zituen. Gai hau oso hunkigarria da niretzat, eta nire lanean itsasoa oso presente dago, lanen %95ean esango nuke".

Ekitaldia minutu bateko isilunea eginez hasi dute, eta ondoren Haritz Alberdi alkateak hartu du hitza. "Urtarrilaren 15ean herriko naufragioen inguruko liburua aurkeztu genuenean, esan genuen oroigarri bat merezi zutela herriko txokoren batean itsasoan bizitza galdu zuten guztiek eta itsasoari bizitza eman zioten guztiek. Artzape aukeratu dugu, herritarrok gertu eduki dezagun, eta norbaitek familiakoren bat gogoratu nahi badu, aukera izan dezan". Eguna ere propio aukeratu dute, Arrantzale Eguna ospatzen delako sasoi honetan. "Pandemiagatik ezin izan da ospakizunik egin, baina horregatik aprobetxatu dugu inaugurazio hau aurreskua, musika eta apaizaren urteroko bedeinkazioa egiteko".

Eta hurrenkera horretan egin da ekitaldia, hainbat hitzartze tartekatuta. Aurrena aurreskua eskaini du dantzari batek, gero Rafael Eizagirre apaizak itsasoa eta eskultura bedeinkatu ditu, eta ekitaldia amaitzeko, herriko abesbatzak Boga boga abestu eskaini du.

Alberdik esan du Getariarentzat etorkizuneko erronkarik handiena dela "itsasoarekiko eta moilarekiko herriak duen lotura handi hori mantentzea eta, ahal bada, hobetzea". Getaria "ez da ezer arrantzarik eta moilarik gabe". 

'Hitzordua' piezaren esanahia

Honela dio eskulturaren ondoko horman jarri duten plakan: "Itsasoari loturik bizi direnek harreman sakona eta iraunkorra dute harekin; lotura bokazionala da, guztiz. Eta itsasora irteten diren aldiro, harekin bizitakoa gogora ekartzen dute. Hitzordua piezaren bidez, oroimena beti bizirik izan behar dela adierazi nahi da, eta aldi berean, omenaldi bat egin nahi zaie beren hitzorduetatik sekula itzuli ez ziren haiei guztiei".

Ordezkaritza zabala 

Hainbat erakundetako ordezkariak gonbidatu dituzte inauguraziora. Batetik, bertan izan dira kostako alkateak: Anuska Esnal (Orio), Xabier Txurruka (Zarautz) eta Iñaki Ostolaza (Zumaia). Bestetik, udal elkarteko lehendakaria ere bertaratu da, Lurdes Salsamendi. Eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzako Bittor Oroz  eta Leandro Azkue izan dira. Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea  da, eta Arrantza zuzendaria da Azkue. Emeterio Urresti Kofradiako lehendakaria ere izan da ekitaldian.

Horietatik guztietatik Urrestik eta Orozek hartu dute hitza. Urrestik azpimarratu du Artzape izan dela betidanik itsasoari begiratzeko tokia, jakiteko noiz zegoen itsasoa bare, noiz ezin zen itsasoratu... Kofradiak familien saminarekin bat egiten duela ere esan du.

Orozek, berriz, esan du gaurkoa "aitortza eguna" dela, "itsasora lanera, bokazioz... joandako asko ez direlako itzuli". Bai Orozek, bai Alberdik, gogoratu dute "izan diren horiengatik" dagoela arrantza sektorea bizirik, eta biek aipatu dute etorkizuna oroimena kontuan izanda eraikitzearen beharra. Orozek gaineratu du etorkizuna baduela sektoreak, "zorionez arrantza eskoletan gazteak badaudelako". Sektoreko "gizon-emakume guztiak" izan ditu gogoan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide