Eurobasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren kazetaritza saria jaso du Irune Lasa Berria egunkariko kazetariak, 2020ko azaroaren 8an argitaratutako Gurinezko mendien Europa hura erreportajeagatik. Bertan, Nekazaritza Politika Bateratuak Europako Batasunean izan duen garrantzia landu zuen kazetari zarauztarrak. Prentsa idatziaren modalitatean aitortu dute Lasaren lana, eta saria datorren astelehen goizean jasoko du, Gasteizen, Eurobasquek Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egingo duen ekitaldian.
Artikulu sarituak Europa nekazaritza sektorean integratzearen garrantzia lantzen du, eta azpimarra egiten du Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma dela-eta duen erronkan. Zentzu horretan, gai horrek Euskal Herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du epaimahaiak, batez ere nekazaritzak duen balio estrategikoan.