Jokin Aranburu: "Energia ziztada positiboa izan da niretzat Turkiako Itzulia"

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 29a, 10:18

Denboraldia hasi baino ez du egin Jokin Aranburu (Zarautz, 1997) txirrindulariak, eta gogotsu bezain indartsu ibili zen duela bi aste jokatu zen Turkiako Itzulian.

Gustura al zaude Turkiako Itzulian egin duzuen lanarekin?
Egia esan, taldean eduki dugun dinamika eta lan egiteko modua oso ona izan da zortzi egunetako itzuli honetan. Azkenean, Itzuli bat izanda, lasterketa egun asko dira, eta horrek askorako ematen du.  Geure artean hobeto ezagutzeko aukera eman digu, eta nik uste dut lan oso txukuna egin dugula. Egia da, bestalde, gustatuko litzaiguken emaitzak ez ditugula lortu, baina iruditzen zait esperientzia oso ona izan dela lan dinamika on bat hartzeko.  

Talde bezala trinkotzeko, nolabait esatearren?
Hori da, bai. Azkenean, bakoitzaren indarraren arabera lan ezberdinak banatzeko. Esan bezala, agian ez ditugu lortu nahi genituen emaitzak esprintetan. Ez dugu asmatu biribiltzen. Ginga jartzea falta izan zaigu, baina txirrindularitza horrelakoxea da... Askotan espero ez duzunean etortzen dira emaitzak. Konstantea izatea da garrantzitsuena, lanean jarraitzea, etapa luze batean bezalaxe.  

Zuri dagokizunez, nahiko indartsu ikusi zaizu, batik bat azken bi etapetan: azken aurrekoan ihesaldian sartuta, eta azkenekoan 9. sailkatuta.
Aurten, etxean egindako lana ondo joan da, ez baitut gorabeherarik eduki, eta gogotsu joan nintzen Turkiara. Jakin banekien lasterketa egunak falta zitzaizkidala. Izan ere, apirilean debutatu nuen La Roue Tourangelle klasikoan, Frantzian, eta hortik jarraian Turkiara joan nintzen. Etxeko lanak ongi eginda neuzkan, baina beldur pixka bat ematen zidan: ez nekien lasterketako puntu hori izango ote nuen ala ez. Baina egunak aurrera joan ahala ikusi nuen gorputzak oso ongi erantzuten zidala. Azken aurreko etapan nire aukeratxoaz baliatu nintzen, eta azken etapan, ongi sentitzen nintzenez, esprintean sartu nintzen. Lehen hamar sailkatuen artean helmugaratu nintzen, eta oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin.  

Orain etxera itzuli zaren honetan, zer sentsazio dituzu?
Lasterketara itzultzeko gogoz nabil. Energia ziztada positiboa izan da niretzat Turkiako Itzulia. Egunetik egunera gorantz nindoala ikusten nuen, eta bertan egindako esfortzuak oso ongi asimilatzen nituela. Beraz, berriro ere lasterketan parte hartzeko irrikaz nago, tropeleko onenekin egoteko, eta ahal bada, lehiakorra izateko.

Euskaltel-Euskadiren hurrengoko hitzordua Asturiasko Itzulia izango da, asteburu honetan. Bertan izango al zara? Zeintzuk dira zure hurrengo lasterketak?
Asturiasera  taldeko eskalatzaileak joango dira, eta nire egutegiari dagokionez, momentuz, Mallorkako klasiko batzuk korrituko ditut maiatzaren erdialdean, eta Esloveniako Tourra ekainean. Nire plangintza lasterketa horietara bideratuta dago oraingoz. Gero, litekeena da aurretik ala ondoren lasterketa gehiago izatea, baina gaur-gaurkoz horiexek dira zehaztuta ditudanak.

Lasterketa horiei begira, helburu finkorik jarri al duzu?
Niretzako lasterketa bakoitza abagune bat da saiatuko naiz aukera bakoitza ahalik eta gehien aprobetxatzen. Lehiakorra izan nahi dut, eta zerbait polita egin. Gero, errepideak jarriko zaitu zure sasoian eta lekuan, lasterketaren ezaugarrien arabera. Niretzako aproposa den guztietan nire bertsiorik onena ematen saiatuko naiz.

Ekainetik aurrerako plangintza zehazteko duzue oraindik?
Hori aurrerago zehaztuko dugu, taldeak eta taldekideon martxaren arabera. Ekainetik aurrera lasterketa gehiago daude, baina oraindik ez dakit zehatz-mehatz nik zein jokatuko ditudan.

Duela urtebete egoera oso bestelakoa zen txirrindularitzan, bai entrenatzeko bai txapelketak jokatzeko. Aurten, aldiz, lehiatzen ari zarete. Gauzak asko aldatu dira kirol mailan?
Agian, lehiatzeko moduan. Ikusi da txirrindularitza bera aldatzen ari dela: Frantziako Tourreko izarrak hasiera-hasieratik, etapaz etapa, borrokatzen ari dira. Lehen hasierako egunak prestakuntza moduan erabiltzen zituzten. Dena lehiatzen da, etapaz gain, tarteko helmugak, mendiko sariak eta abar. Izan ere, COVID-19a dela eta, ez dakigu hurrengo lasterketan taldekide gutxiago izango garen taldean, eta ehuneko ehunean lehiatzen da gaur egun. Alde horretatik, lehiakorragoa da.

Eta zer sentitzen duzu horrelako txirrindulari handien ondoan korritzerakoan?
Zure buruarekiko konfiantza sentitzen duzu. Etxean egindako lanak bere fruitua ematen duela ikusten duzu, haien parean joan eta lehiatzeko gauza izan zaitezkeelako. Turkiako Itzulian, esaterako, Mark Cavendish, Jasper Philipsen eta Andre Greipel izan ziren, eta hauek munduko onenen artean daude. Horien pare egotea oso zaila da, baina etaparen batean gertu ibiltzeak konfiantza ematen dizu datozen lasterketetarako.

Euskaltel-Euskadi berriro hor goian dabil. Kudeaketa ona egiten ari den seinale?
Jakina! Euskal talde bat egongo ez balitz, ni bezalako hainbat txirrindularik ez genuke aukerarik izango munduko lasterketa garrantzitsuenetan lehiatzeko. Azkenean, ezinbestekoa da horietan Euskal Herriko talde bat izatea, txirrindulari bezala hazteko eta egun UCI Pro Tourrean dauden beste euskal txirrindulari horiek bezala heltzeko. 

Garaipen laranja bat aurki izango al da?
Guztioi gustuko litzaiguke! Garaipen bat lortzea bultzada ederra izango litzateke taldearentzat, baina gaur egun oso zaila da. Gero eta lasterketa inportanteagoetara joan, orduan eta zailagoa! Garaipenetan izen batzuk asko errepikatzen dira; Turkian, esaterako, lau etapa irabazi zituen Cavendishek. Gu beti saiatuko gara aukerak baliatzen,eta espero dugu ahal dugun azkarren iristea garaipen hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide