Erik Balentziaga Fenix Toulouse taldeko jokalaria izango da datorren denboraldian

Iñigo Gaiton 2021eko martxoaren 30a

Eskubaloi jokalariak azaldu duenez, bere ibilbidean "beste urrats bat" eman nahi izan du Frantziako taldearekin fitxatuta. Balentziaga Logroñon aritu da azken hiru urteetan.

Erik Balentziaga Fenix Toulouse taldeko jokalaria izango da datorren denboralditik aurrera. Sare sozialetan azaldu duenez, bere kirol ibilbidean pausu bat gehiago eman nahi izan du Frantziako taldearekin fitxatuta. Horrez gain, "kultura berriak ezagutzeko eta eskubaloi estilo desberdinez gozatzeko" ere baliatu nahi du etapa berria.

Azken hiru urteetan Logroñoko eskubaloi taldean aritu da lehian Balentziaga, eta erreferenteetako bat izatea lortu du. Oraindik bi hilabete ditu aurretik Errioxan, aurtengo denboraldia bukatu arte, eta "dena ematen jarraitzeko prest" dagoela azpimarratu du zarauztarrak, taldeak denboraldia Asobal Ligako goiko postuetan bukatu dezan. Laugarren postuan daude sailkatuta, gaur gaurkoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide