Etxealdiko testigantzak, eskualdeko herritarren bizipenetatik

'Berria' egunkaria 2021eko martxoaren 26a

'Berria' egunkariak konfinamendu garaiko lau testigantza jaso eta ikus-entzunezko bat ondu du. Lau dira dokumentaleko protagonistak; horietako bi, Luken Orbegozo autismoa duen gaztetxoa eta etxealdian haurdun zen Samara Velte, eskualdekoak.

Testigantza konfinatuak, konfinamenduaren ertzetan dokumentala ekoitzi du Berria egunkariak, eta ikus-entzunezkoko lau protagonistetako bi eskualdekoak dira. Hain zuzen ere, autismoa duen Luken Orbegozo gaztetxo azkoitiarraren eta haren ama Nekane Zalbideren testigantza da horietako bat; bestea, berriz, konfinamendua hardun zela bizi izan zuen Samara Velte zarauztarra. Beste bi testigantzak, berriz, adindu batena eta anbulantzia batean nahiz ZIU batean lanean aritu den mediku batena dira.

Iazko etxealditik urtebete bete dela-eta egin du lana Berriak; neurri hark bereziki gogor jo zituen zenbait lagunengana jo du egunkariak bideoa ontzeko. "Zaurgarrien suertatu ziren errealitateak bildu ditu, pandemiaren kantoietan gordetzen diren kontakizun horien bozgorailu izateko". Ia 20 minutu irauten du ikus-entzunezkoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide