Distira eta alderantzia eleberria kaleratu berri duzu. Zer topatuko du irakurleak nobela horretan?
Trilogia baten bigarren zatia da Distira eta alderantzia, eta saiatu naiz Ispiluak eta itsasoak [Elkar, 2018] izena duen lehen liburuarekin lotura egiten. Gure ama 1920ko hamarkadaren inguruan lanean hasi zen Zestoako bainuetxean, 16 urte zituela. Une hura gogoratuz sortu nuen Maria Garrastazu pertsonaia, Aizarnako baserri bateko neska bat, Zestoako bainuetxean lan egiten duena. Parisko dandy bat gutiziatu egiten da harekin lehen liburuan, eta berarekin Parisera joateko eskatzen dio; bigarren zatia istorio horren jarraipena da. Maria Garrastazuk gauero bezala bueltatxo bat egiten du Parisko Luxenburgo parketik, eta Zuberoako neskato bat negarrez ikusten du, ama galdu duelako. Amaren bila hasten dira biak, eta istorio hori kontatzen da liburu honetan.
Antzekoak dira liburuen tituluak, ezta?
Bai. Ispiluak eta itsasoak liburuan diskurtso poetiko bat ageri da. Ispiluek gure identitate fisikoa ezagutzen laguntzen digute, eta itsasoak gure barrua ezagutzen laguntzen digu. Hiru nobelaz osaturiko trilogia bat denez, ideia da hiru liburuek antzeko izenburua izatea.
Belle époque garaian kokatu duzu nobela berria, eta protagonistak "glamourraren bestaldea" ezagutuko duela dio sinopsiak.
Protagonista argazkilari laguntzaile moduan hasten da lanean, eta diseinuaren nahiz modaren alderantzia ezagutzen du; hortik dator nobela berriaren izenburua. Gainera, hirugarren liburua ere edertasunaren ingurukoa izango da. Izan ere, garai hartan hasi ziren Miss Frantzia lehiaketa egiten, eta Ezpeletako [Lapurdi] neska batek irabazi omen zuen lehen edizio hura. Lehiaketa irabazi eta urte batzuetara hil egin omen zen, eta haren heriotzaren inguruko zurrumurruak egon ziren. Gai nobeleskoa iruditu zitzaidan trilogiaren hirugarren zatirako.
Oraingoan ere Parisera eramango duzu irakurlea. Zergatik Paris?
Paris ondo ezagutzen dudan hiria da, eta hobeto moldatzen naiz ezagutzen dudan leku baten inguruan idazterakoan. Zergatik Belle époque garaia? Ba hori konplikatuagoa da azaltzen. Istorioa gaur egungo Parisen kokatu izan banu askoz ere zailagoa egingo zitzaidan idaztea; atzera begira jarrita errazagoa egiten zait istorio bat sortzea.
Ez dira kulturgileentzat garairik onenak. Nolakoa da pandemia garaian liburu bat idaztea?
Esango nuke pandemia bat ideala dela idazteko. Orain dela urtebete, itxialdia hasi zenean, asko idatzi nuen, eta halakoetan apur bat nazkatuta amaitzen duzu; halere, oraingo muga perimetral honek ez dit gehiegi eragin horretan. Literaturaren ikusgarritasunaren alderdia beste kontu bat da; izan ere, idazle askok izugarri lantzen dituzte irakurtaldiak eta. Ez da nire kasua; beraz, ez dit eragin.
Joan zen urtean kaleratu zenuen Nobela errealista bat liburuagatik 111 Akademia saria irabazteko izendapena jaso duzu. Nola hartu duzu berria?
Aukera polita da. Gogoratzen naiz Elgeta [Kutxa, 1996] liburuarekin sari horren aurrekaria izan zen Beterri saria eskuratu nuela; orduan sinpleagoa zen kontua. Egia esan, 111 Akademia saria asko gustatzen zaidan saria da; izan ere, bost idazle izendatu dituzte, eta horrek irakurleari informazio mordoa ematen dio. Hau da, liburua erostera doanak badaki liburu hori 111 Akademia sarirako izendatua izan dela, eta eskertzen da gardentasun hori. Euskadi sariarekin, esaterako, ez da gauza bera gertatzen; izan ere, saria ematen dutenean ez dakizu saria irabazteko izendatuta egon diren gainontzeko finalistak zeintzuk izan diren. Gutxi saltzen duen idazlea kontsideratzen naiz, eta ilusioa egin dit jakiteak irakurle mordoxka batek Nobela errealista bat [Elkar, 2020] nobelaren aldeko botoa eman duela.
Zer-nolako balioa dute zure ustez halako sariek?
Balio handia dutela uste dut, esan bezala, informazio asko ematen dutela uste dudalako. Idazle batzuek diote sariek bigarren bizitza aldi bat ere ematen dietela liburuei. Sariek ez dutela ezertarako balio eta arbitrarioak nahiz aleatorioak direla esatea… Ni hainbat urtez izan naiz Julene Azpeitia ipuin lehiaketako epaimahaiko kide, eta oso gutxitan irabazten zuten niri gustatzen zitzaizkidan ipuinek. Ez nago konforme sariek balio ez dutela esaten duten horiekin.