Lekuko aldaketa epaitegiko lemazaintzan

Amaia Urbieta Arruti 2021eko martxoaren 24a

Iñaki Iruretagoienaren lekukoa hartuta, Luis Epelde izango da aurrerantzean Zarauzko bake epailea. Azken lau urteetan ordezko aritu ondoren, gogotsu helduko dio boluntario lanari.

Erregistro paper artean igaro du azken mende   laurdena Iñaki Iruretagoienak. Plasticos Pardo enpresatik erretiroa hartu zuenean epaitegian boluntario hasi zen lanean orduan bake epaile zenak ordezko aritzeko eskatuta, baina hura handik gutxira hil eta epaile titular izan da ia 25 urtez. 85 urte beteko ditu ekainean, eta sasoiak hala behartuta, Luis Epelderi pasatu dio oraintsu lekukoa.

Epelde duela lau urte inguru hasi zen Iruretagoienaren ordezko lanetan, zarauztarrak hala proposatuta, eta Iruretagoienak pozarren  hartu  zuen  haren baiezko erantzuna. Izan ere, azpimarratu du asko kostatu izan zaiola lan horretan arituko den batenbat topatzea; bizilagun eta lagun du Epelde, eta orain trukatu egin dituzte epaitegiko rolak. Bake epaile titularra izango da azkoitiarra, eta hura falta denean ordezkatuko du Iruretagoienak.

Zer egiten du, baina, bake epaile batek? Ondo ezagutzen dute zeregina bizilagunek. Boluntario lana bada ere, egunero-egunero joan behar izaten da epaitegira. Udalerriaren eta bertako biztanleen arabera egin beharrak desberdinak izaten dira, eta Epeldek argitu du Zarautzen egunean bizpahiru orduko lana eduki ohi dutela. Egitekoen zerrenda luzea bada ere, funtsean, erregistroaz arduratzen dira: jaiotzez, heriotzez, ezkontzez... Bestelako kontuak ere izaten dituzte: zenbait ezkontzaren ikuskaritzak, edo herritarren bati epaileak ezarritako sententziak hala adierazita astero sinatu beharreko agiriak, esaterako. Beste batzue-tan, beren zeregina ez bada ere, paper kontuetan jendeak izan ditzakeen zalantzak eta estuasunak argitzea ere egokitzen zaie. Epeldek azaldu du nola argitu izan dizkioten jendeari isunekin edo epaiketen sententziekin izan dituzten kezkak. «Gauza arruntak diren arren, errespetua ematen diote kontu hauek jen-deari», dio. Herritarrekin duten tratu hori eta lagundu ahal izate hori «polita» da Epelderentzat.

Epailearekin batera, oposizioak eginda postua atera duten beste hiru funtzionario egon ohi dira lanean Zarauzko epaitegian. Iruretagoienak argitu du lehen beste laguntzaile bat ere egon ohi zela, baina digitalizazioak lanerako prozesuak azkartu zituenez, kendu egin zutela laugarren langilea. Bake epailea soilik aritzen da boluntario. «Lehen udaletxeetan ere horrela gertatzen zen. Egoten ziren idazkaria, interbentorea eta abar profesionalak zirenak; alkatea, ordea, joaten zen eguerdian, sinatzen zuen sinatu beharrekoa eta ez zituen edukitzen oraingo ardurak. Bada, guk lehen bezala jarraitzen dugu», azaldu du Iruretagoienak. Horrek azaldu dezake postu hori izan dutenak azken hamarkadetan beti jubilatuak izan direla. Iruretagoienak ere bere aurretik egon zirenak hala zirela zehaztu du.

Bilakaera

Lehen pertsonan ezagutu ditu hainbat ohitura aldaketa Iruretagoienak. Horien artean, jendea ezkontzeko  modu  berriena. «Duela 25 urte oso arraroa zen epaitegian ezkontzea. Orain, berriz, asko egiten ditugu. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezkontzak ere asko egin ditut, eta horiek pentsaezinak ziren lehen». Iruretagoienak aditzera eman du duela gutxi Zarauzko  bikarioa  joan  dela epaitegira urteko ezkontzen erregistroa egitera eta, hark esan zienez, aurten, bikote bakarra ezkondu omen da elizatik Zarautzen. COVID-19ak eragindako egoerak ez du askorik sustatzen ospakizun giroa, baina, zalantzarik gabe, zifra esanguratsua da. «Lan guztia kendu didazue!», esan omen zien bikarioak.

Ezkontzak ez ezik, beste hainbat kontu ere aldatu dira bake epaileen zereginean. Esaterako, Iruretagoienak kargua hartu zuenean epaiketa txikiak egiten zituzten. «Irainengatik-eta egindako salaketak izaten ziren. Orduan, fiskalari kontsultatzen nion zer-nolako zigorra jarri behar izaten zen». Gaineratu du enbargoetan eta hilotzak erretiratzean (suizidio kasuetan) ere bertan egon behar izaten zutela lehen, eta hori «oso desatsegina» izaten zela.

Aldaketak aldaketa, gogotsu hartu du Epeldek Iruretagoienaren lekua, eta modu desberdinean bada ere, bidelagun izaten jarraituko dute aurrerantzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide